Alkizak bat egingo du ASTEKLIMArekin, Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearekin. Irailaren 24tik urriaren 3ra ospatuko da ASTEKLIMAREN bigarren edizioa.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatzen du ekimen hori, EEE eta Ihobe erakunde publikoen bidez, herritarrak ezinbesteko trantsizio energetiko eta klimatikoari buruz kontzientziatu eta mugiarazteko.
Orotara 63 udalerrik parte hartuko dute eta 150 jarduera baino gehiago egingo dira. Fagus Alkiza interpretazio-zentroak hainbat ekintza prestatu ditu herritarrak aldaketa klimatikoaren inguruan kontzientziatzeko asmoz.
Jardueretan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Horretarako mezu bat bidali behar da kultura@alkiza.eus helbidera edo whatsappa 688 604 466 zenbakira.
Jarduerak doakoak dira.
ASTEKLIMA ALKIZAN
“Klima aldaketa, glaziarren ikuspegitik”, hitzaldia
Sinopsia
Klima-aldaketa denon ahotan dabilen leloa da azken aldi honetan. Klima, ordea, beti izan da aldakorra, izan arrazoi astronomikoengatik edota prozesu geologikoengatik; gaur egungo berezitasuna, aldiz, gizakion eraldatze/areagotze nabarian ezar dezakegu. Gai konplexua izanik, klima-aldaketekiko sentiberak diren adierazleak oinarri hartzea ezinbestekoa da, eta hara non, glaziarrak mendikateetako eta poloetako “termometro” aldakor bat diren. Ingurune polar eta goi-mendiko elementu geografiko eta geologiko paregabeak izateaz gain, Lurreko ur-erreserba nagusiak ere badira.
Hitzaldi honetan guztion arteko bidaia bat egingo dugu, klima-aldaketaren oinarrietatik hasi eta lurrazaleko izotzetan zehar Pirinioetako eta Patagoniako glaziarrak ikertzera arte.
Hizlariari buruz
Eñaut Izagirre Estibaritz (Elgoibar, 1990) Geografian lizentziatu zen EHUn eta Glaziologiako masterra egin zuen Magallanesgo Unibertsitatean (Txilen). Egun, bere doktoretza proiektua burutzen aritzeaz gain, EHUko Geografia Fisikoko irakaslea ere bada, eta Hidro-Ingurumeneko Prozesuen ikertaldean beste hainbat proiektutan ari da parte hartzen. Txikitatik mendizaletasunean hezia, inguru naturalak ditu gustuko; betidanik izotzei, glaziarrei eta goi-mendiei arreta jarriz.
“Onddoak, bioaniztasunaren giltzarri”
Joxepo Teres Izkierdo Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikolgoa Saileko kidea da. Bere gidaritzapean Alkizako basoetan barna ibilbidea egingo dugu. Bertan, onddoek bioaniztasunean duten eragina eta garrantzia ulertzeko aukera paregabea izango dugu.
Joxepo Teres Izkierdo:
Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea, 20 urte baino gehiago daramatza botanika eta mikologiari buruzko lanak egiten. Bere ikerketa ildo nagusia Basidiomycota eta Ascomycota taldeko hainbat onddo motatan zentratzen du. Egun, Aranzadiko mikologia web orriaren mantenuan eta kudeaketan parte hartzen du eta, herbarioan edota datu basean jasotako onddo genero eta espezieen berrazterketa eta eguneraketa lanak egiten ditu.
“Odonatuak: uraren hegoak”
Aranzadi Zientzia Elkarteak urmaeletan dagoen bioaniztasuna ezagutzera emateko erakusketa osatu du. Oraingoan Fagus Alkiza interpretazio zentrora iritsiko da.
Erakusketaren helburua uraren eta burruntzi eta sorgin-orratzen arteko harreman estua azaltzea da. Aranzadiko Entomologia saileko Iñaki Mezquitak ondutako erakusketa hau elebitan idatzitako 12 panelez osatuta dago.
Mezquitak bi bisita gidatua egingo ditu: bata herriko haurrentzako eta bestea helduentzako (www.fagus-alkiza.eus atarian emango da dataren berri).
Iñaki Mezquita:
Lehen hezkuntzako irakaslea izan da eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Entomologia saileko kide aktiboa da. Burruntzietan eta tximeletetan aditua. Euskal Herriko burruntzien populazioen inbentarioa eta jarraipen lanak egiten ditu, arlo horretan erreferentea izanik.