Mirari Errondosoro Echave artisauak eta Laia Varela Lasarte bitxigileak irabazi dute 2022ko Sormenaren Kabia Beka. Naturako elementuei bizi berri bat emango diete hautatutako bi artistek.
Sormenaren errotak martxan jarraitzen du Alkizan eta datozen asteetan Hernio mendiaren magalean izango dira aurtengo bi sarituak. Udalaren eta herriko eragileen elkarlanari esker sortu zen Sormenaren Kabia Beka 2018an. Ekimen horri esker, hainbat artistek naturagune paregabean hausnartu, esperientziak partekatu eta lan egiteko aukera izan dute azken urteotan. Bada, guztia prest dago aurtengo irabazleak hartzeko.
Bekaren 5. Ekitaldirako deialdi irekia maiatzean egin zen eta berariaz osatutako epaimahaiaren zeregina izan da proposamenen artean bi aukeratzea. Diziplina ezberdinetako lagunek egin ohi dute epaile lana eta aurten, Jauregi eskultorearen alboan izan dira Usoa Zumeta Sanz, serigrafía-egilea, Undermount Igeldo plataforma artistiko eta kulturaleko kideak eta Maria Andres dantzari eta koreografoa. Azken hori izan zen hain zuen ere hirugarren edizioko irabazleetako bat, Idoia Unzurrunzaga argazkilariarekin batera.
Hautatutako artistek, mila euroko saria jasotzeaz gainera, hiru astez Alkizan lan berriak sortzeko aukera izango dute. Bestalde, Elena Cajaraville artista bitxigilearen eta Jauregiren aholkularitza jasotzeko aukera izango dute. Gainera, Unai Sorarrain bideogile alkizarrak beka eskuratu duen proiektu bakoitzeko ikus-entzunezko bat egingo du neurrira.
MIRARI ERRONDOSORO ECHAVE-BIZIA BERPIZTU
Errondosororen helburua da hondakinak lehengai gisa, hauek berpiztu eta material eta pieza berriak sortzea.
Barne diseinatzaile ikasketak egin nituen eta azken urteotan artisau bezala nabil (Kimuri izenaren atzean) oihalekin lan eginaz batik bat, (joskintza, moulage, gyotakuak, zeta margoketa, ehun tindaketa) nahiz eta bestelako teknika eta prozesuak ere asko interesatzen zaizkidan, materialak ezagutu eta beraiekin jolastu (papergintza, zumitza, grabatua, …).
Bizia Berpiztu proiektu osoa jasangarritasunean oinarritzen da, horrela sortzen diren hondakinak berrerabili eta gizartera itzultzeko, ekonomia zirkularrari balioa emanez. Ekonomia zirkularra birbaloratzea gure arbasoen baserrietan egiten zen modura, non guztiak autogestionatzen ziren beraien beharrei aurre egiteko.
Gure arbasoak, aitonak eta amonak, bizitzaren, sorkuntzaren misterioari lotuta bizi izan ziren, non horren lotura sakona zuten, elementuekin (lurra, ura, sua, airea) sortzen ikasi zutela.
Ausarki, lurra urarekin nahasten zuten, sutara hurbildu… haien esku trebeen artean ontziak eta hainbat tresna sortu zituzten.
Beraiek euren behar eta aukeren behaketatik sortu zuten bezala, oraingoan gure garaia iritsi da: hondakinekin sortzen dugu, eman diezaiogun bizitzari bizitza berri bat.
Nolabait esateko, aurreko bizitza batera itzuli, non zuk edo inguruko komunitate txiki batek bere produktuak modu erraz batean sor ditzakeen dituen hondakin ala soberakinekin.
LAIA VARELA LASARTE-BITXIGINTZA IRAGANKORRA
Naturako elementuekin sortutako bitxi garaikide eta originalak sortuko ditu Varelak.
Bitxigintza garaikideko irakasle eta diseinatzailea naiz. Espainiako eskola eta unibertsitateetan Kultura Anitzeko Hezkuntzako irakasle gisa 7 urtez lan egin ondoren, bide artistikoago bati jarraitzea erabaki nuen. Donostiako (Espainia) Easo Politeknikoan bitxigintzako teknikari gisa trebatua, Parisa joan nintzen 2015. urtean.
Montmartren (Paris) bitxitegi independente baterako lanean hasi nintzen diseinatzaile gisa. Urte berean, bere nire atera nuen, LAIA VARELA JOYAS, arte eta arkitektura modernoetan inspiratuta dagoena.
Gaur egun, bitxi-marka eta Parsons Paris unibertsitateko irakaskuntza uztartzen ditut. Bitxiak Espainian eta Frantzian, Thyssen-Bornemisza Museoan (Madril) eta Bilboko Arte Ederren Museoan saltzen dituzte, besteak beste. Nire bitxiak Stylo eta British Vogue aldizkarietan argitaratu dira, Espainian eta nazioartean.
Urtero, bitxigintza garaikideko erakusketa kolektiboetan ere parte hartzen dut Parisen, hala nola “À-te-lier” eta “Paris est un prétexte”, Parcours Bijouxen, 2017an, eta “Label 15”, Galerie Wengen, 2018an.
Bitxigintza iragankorrari espazio bat eskaini nahi diot Sormenaren Kabian bekarekin. Bitxigintza adin guztien eta kultura guztien gertukoa dela erakutsi nahi dut eta ez garestia, esklusiboa eta sofistikatua den gauza bat bezala. Horretarako, latoia eta zilarra bezalako metalak Hernio Gazumen aurkitzen ditugun materia organikoekin nahastuko ditugu bitxi garaikideak sortzeko. Alde batetik, nik pieza bakarren bilduma mugatu bat sortuko dut, herrian gelditu daitekeena nahi izango bazenute. Beste aldetik, herritarrekin hainbat ekintzatan bitxi orijinalak sortuko ditugu, nire gidaritzapean beti ere.
AURTENGO IRABAZLEEN LANAK IKUSGAI URTEA AMAITU AURRETIK
Dena ondo bidean, aurtengo irabazleek abenduaren 22an jendaurrean aurkeztuko dituzte euren lanak. Ekitaldia Fagus Alkiza interpretazio-zentroan egingo da. Bitartean, informazioa, dagokionean, eskura egongo da www.fagus-alkiza.eus atarian eta sare sozialetan.