Alkizako Udalak eta herriko eragileek aurkeztu berri dute Sormenaren Kabia Bekaren seigarren edizioa. Ur mara museoko Negutegian egin da da ekitaldia; artisten eta artezaleen bilgunea izan ohi dena, sormenaren sabela ere izan da gaur goizean. Izan ere, deialdiari buruzko xehetasunak ezagutzeaz gainera, bertaratuek Ainhoa Goenaga artistaren eta Juan Kruz Igerabide idazlearen “Habiak” saioaz gozatzeko aukera izan dute.
Alkizako Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, artistek eta sortzaileek naturgune paregabe batean hausnartu, sortu, esperimentatu eta esperientziak partekatzeko ekimen bat jarri zuen abian 2018an: SORMENAREN KABIA BEKA.
Alkiza, bere kokapen geografikoagatik, gune estrategikoan dago: Hernio mendiaren magalean, Europako Natura 2000 Sare ekologikoaren baitan aitortutako eremu zoragarri baten erdian, Gipuzkoako bihotzean, herri giro lasaia eskaintzen du baina, aldi berean, kilometro gutxira ditu Donostia, Baiona, Bilbo naiz Euskal Herriko gainerako hiriburuak zein aireportuak ere. Hortaz, Alkiza euren proiektuak garatzeko toki lasaien bila ari diren artistentzat kokaleku aparta da.
Kultura eta arte-sorkuntza hirietatik deszentralizatu nahi ditu Sormenaren Kabia bekak eta erakutsi nahi du landa-eremuko herri txikietan ere proiektu artistikoak gauzatu daitezkeela. Halaber, akuilua izan nahi du sorkuntza artistikoa gizarteratzeko eta artisten lanari ikusgarritasuna emateko.
Eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlanari esker sortu da Sormenaren Kabia beka.
Honakoak dira ekimen honen sustatzaileak: Alkizako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Fagus Alkiza interpretazio-zentroa, Alkizako Herri Ostatua , Lete Apartamentuak, Inazio Urruzola Txakolindegia, Ekotalo eta Ur mara Museoa
Izena emateko epea 2023ko maiatzaren 24tik ekainaren 30era egongo da zabalik.