MEMORIA ITZALI EZ DADIN IKAZKINEI OMENALDIA EGIN DIE ALKIZAKO UDALAK
Gregorio Iruretagoiena, Joxe Aierbe eta Jabier Iruretagoiena txondorgileak omendu dituzte egindako lanagatik eta herriari egindako ekarpenagatik.
Denbora aurrera doa eta igaro ahala bere arrastoa uzten du gure bizimodu, pentsamolde eta paisaietan. Hamarkada batzuk atzera egingo bagenu konturatuko ginateke egungo Alkizak zerikusi gutxi duela erabat baserritik bizi zen herri harekin.
Alkizara iritsi eta irteteko taxuzko errepiderik gabe eta sosak irabazteko industriarik gabe, Alkizarrak baserritik bizi ziren erabat sasoi batean. Lurrak emandako guztia aprobetxatzen zen eta kapritxotarako ez zegoen aukera handirik. Garai hartan, egur-ikatza zen txanpon batzuk irabazteko modu bakarra. Horretarako ordea, txondorrak egin behar ziren eta horiei jaten emateko ezinbestekoa zen ikazkinen lana. Ofizio gogorra zen txondorgileena. Mutil kozkorrak zirelarik basora igo behar izaten zuten txondorrari betegarria eman eta sua itzali ez zedin adi egon behar izaten zuten gau eta egun. Bakarrik egon behar izaten zuten maiz, basoko iluntasun eta hotsez inguraturik.
Alkizarrek esana da hainbat garaitan Hernioren magala gori-gori ikusi zitekeela, izan zirela garaiak non 17 txondor ere batera piztuta zeudenak. Ordea, industrializazioak egur-ikatza zokoratu zuen eta horrek ekarri zuen ikazkinen lana ia erabat itzaltzea.
Alkizako Udalak herriaren historiak bizirik irautea nahi du eta helburu horrekin omenaldia egin zien herriko ikazkinei martxoaren 26an. Joxe Aierbe, Gregorio Iruretagoiena eta Jabier Iruretagoiena protagonistak izan baziren ere, ekitaldi horrekin ikazkin lanetan aritu ziren herriko emakume eta gizon guztiak aintzat hartu zituen udalak, baita duela gutxi gure artetik joandako alkizarrak ere.
Eguna hasteko, Alkizako basoetan barna ibilbide gidatua egin zuten Valentin Mugartza, Aizkorri-Aratz parkeko zuzendariarekin eta Koldo Jauregi etnografía aditu larrauldarrarekin batera. Bidean zehar naturaz gozatzeaz gainera, ikazkinen ofizioa eta zuhaitz lepatuen mundua hobeto ezagutzeko aukera izan zuten.
Ibilbide gidatua Alkizako plazan amaitu zen. Ordurako zain zeuden Joxe Aierbe, Gregorio Iruretagoiena eta Jabier Iruretagoiena. Alkizako semeak hirurak, eta ikazkinak izandakoak hirurak. Zimiterioaren gerizpean eseri eta txondorgile lanetan aritu ziren garaiez hizketan aritu ziren herritarrekin batera. Kontu kontari aritu ostean, solasaldia borobiltzeko, Anjel Mari Peñagarikanok bertso sorta eskaini zien hirurei((https://ataria.eus/alkiza/1648546319680-penagarikanok-txondorgile-omenduei-eskainitako-bertsoak).Eta ondoren, hamaiketakoa egin aurretik, udalak, Iñaki Irazabalbeitia alkatearen eskutik, txondorraren maketa bana oparitu zien, eta agurra dantzatu zieten, herritar guztien txalo zaparrada artean.
Omenaldia amaitzeko, txondorgileak eta haien familiartekoak hamaiketakoa egitera joan ziren ostatura, eta izena emanda zuten herritarrek Mikel Garaizabal somelierraren gidaritzapean, ardo, sagardo eta gazta dastaketa egin dute Zimiterioan. Goiz osoan zehar, Ikiliko txondorra erakusketa ikusi ahal izan zen elizaren atarian. Alkizako Itxurain Elkarteak 2009an Ikili baserriaren ondoan egin zuen txondorrari buruzko liburua kaleratu zuen. Xabier Artola Zubillaga Artzubik egindako argazkiekin osatu zen liburua eta argazki horiek ikusgai izan ziren.