Europa mailako sare ekologiko bat sortu zen biodibertsitatearen galera (bizitza aniztasunaren galera) ekiditeko eta galzorian dauden espezieak eta hauen habitatak babesteko. Hain zuen ere, sare horrek Natura 2000 sarea izena du.
Hernio-Gazume KBE
Natura 2000 sarea Kontserbazio Bereziko Eremuek (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuek (HBBE) osatzen dute. Beraz, Hernio-Gazume KBEa Natura 2000 sarearen barruan dago.
Hainbat urrats eman ondoren, 2013ko apirilaren 30ean Eusko Jaurlaritzak, Hernio-Gazume KBE izendatu zuen 219/2012 DEKRETUAREN bidez. (219/2012, 2012ko urriaren 16koa, Hernio-Gazume KBE izendatu, eta hura kontserbatzeko neurriak ezartzen dituena). Hala, Hernio-Gazume mendigunea Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izatetik Kontserbazio Bereziko Eremu izatera pasa zen.

Eremu babestua
Eremu babestuak, 2.158 ha-ko azalera dauka eta kareharrizko erliebe karstikoa duen mendigunea izanik, balio handiko paisaia multzoak ditu (kareharrizko gailurrak, harkaiztietako kobak eta zuloak, magaletako pagadi eta hariztiak…).
Paisaia honen barruan, mehatxatutako fauna bizi da; hildako egurrean bizi diren intsektu deskonposatzaileak (saproxilikoak), saguzarrak (kiropteroak) eta saiak esate baterako.
Herriko eremuaren %44a
Alkizako herriko eremuaren ia erdia, %44 hartzen du Hernio-Gazume KBE eremu babestuak. Herrigunetik, plazatik, harkaiztia nabarmentzen da, Hernioko mendilerroa osatzen duten tontor guztiak ikusten direlarik: Herniozabaletik hasi eta Herniorakora arte.
Harkaiztia osatzen duen horma erraldoiaren azpian, garai batean ikatza ateratzeko erabiltzen zituzten pago motzez eta hariztiez osatutako basoa maldan behera joaten da Arana bailararekin topo egin arte.
Babestutako elementuak: Habitat eta Espezieak

Leize eta barrunbe karstikoak, basoak eta larreak dira Hernio-Gazume KBEren funtsezko habitatak.
Leizeak hainbat saguzar espezieren babesleku dira, horietako sei Euskadin kaltebera gisa edo galzorian katalogaturik daudenak. Horretaz gainera, fauna espezializatu, bitxi eta endemikoak diren beste espezie batzuen babeslekua ere badira.
Basoei eta larreei dagokienez, Europako Batasunaren interesekoak dira pagadi eta hariztiak, baita abeltzaintzarako erabiltzen diren larre eta sastrakak ere.
Interes ekologiko handiko baso helduen eta zuhaitz motzen unadak daude Hernio Gazumen. Horiek, hain zuzen ere, mehatxatutako fauna-espezie askoren hazkuntza, babes eta elikadurarako habitatak dira.



Ibilbideak
1- BABESTUTAKO LANDARE ETA ANIMALIA ESPEZIEAK EZAGUTZEKO IBILBIDEAK
2- ALKIZAKO BASERRI PAISAIA EZAGUTZEKO IBILBIDEA
MENDI IBILBIDE LUZEA
KUTSIDAZU BIDEA IXABEL, IBILBIDEA
Kutsidazu bidea, Ixabel Joxean Sagastabalek 1994an argitaratu zuen umorezko eleberri laburra da. Denboran zehar, antzerkirako, zinemarako, telesailerako eta musikal baterako moldaketak izan ditu. Idazleak bere bizipenetatik abiatuta sortu zuen istorioa, eta bertan Juan Martin pertsonaia protagonista dugu: Donostiako gazte bat, euskara ikasten ari dena eta Alkizako barnetegian hizkuntza hobetzeko asmoz iristen dena. Hernialdeko baserri batean bizi da, eta egunero egiten du bidea barnetegira. Orain, eleberrian aipatzen den ibilbide hori seinaleztatu egin da, eta, gainera, filmeko zenbait pasarte bertan grabatu ziren.
Ibilbide hau gauzatzeko ezinbestekoa izan da Hernialdeko Udala, Alkizako Udala, Tolosaldea Garatzen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaritza eta EuskoJaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lankidetza. Alkizako Udalak zinez eskertzen du Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Tolosaldea Garatzenen babes ekonomiko eta bidelaguntza.
Ibilbidea
Kutsidazu bidea, Ixabel ibilbideak 4,4 kilometroko luzera du, eta Hernialdetik Alkizara edo alderantziz egin daiteke, gutxi gorabehera ordu eta erdiko iraupenarekin.
Herri-bidean errepidea eraiki zenez, beste alternatiba bat seinaleztatu da Alkizara igotzeko. Eleberriko elementuei erreferentzia eginez, sardea da ibilbidea identifikatzeko erabili den elementua. Familian egiteko ibilbide honek Henialde eta Alkiza lotzen dituen herri-bide tradiziolana jarraitzen du. Horretaz gain, Hernio-Gazume mazizoaren ikuspegi ederraz eta Mandabe errekaren ibarrean landutako baserri-pasaiaz gozatzeko parada ematen du.
Ibilbidean zehar 3 geldiune diseinatu dira eleberriaren hiztegi eta bestelako erreferentziak nabarmentzen dituztenak.