Urtero bezala, bi proiektuk eskuratu dute saria eta hiruna asteko egonaldiak egingo dituzte Alkizan, urria eta azaroa bitartean, bakoitzak bere proiektua garatzeko.

Lehenik, Nomad Studioko kide diren Eli Garmencia eta Carlos Pericas ditugu. Argazki estudio ibiltariarekin hara eta hona ibili dira 2021az geroztik, erretratuak atera eta ehundaka lagunen istorioak ezagutzen. Hain zuzen ere Alkizan abiatu zuten ibilbide hori, Erretratu Nomadak proiektuarekin. Hain arrera ona izan zuten, non Alkiza haientzat herri kuttun bihurtu baitzen, eta bi urte beranduago gogoz daude “Alkizako memoria” izeneko proiektua martxan jartzeko. Epaimahaikideen esanetan “herriarentzat eta herritarrentzat pentsatuta dagoen proiektua da”. Hortaz, opari bikaina du bikote honek Alkizarentzat.

Bigarrenik, Miriam Loidi artista dugu, “Ehun bizipenak” proiektuarekin. berari zehazki artilearekin lan egitea interesatzen zaio, material hau erabiliz sorkuntza artistiko prozesuan. Artilea izango da bere lanaren protagonista, eta naturan topatuko dituen beste elementu batzuk ere erabiliko ditu. Hala nola, egurra eta buztina. Duela urte pare bat hasi zen arte textilaren mundua aztertzen, eta ohartu zen industria textila kalte gehien eragiten duen industrietako bat dela, eta hainbat proiektu ezberdin egin ondoren bere sorkuntza proiektua arte textil jasangarrian zentratzen du.

Bi irabazleek ilusio handiz hartzen dute erronka eta argi utzi dute haien proiektua gauzatzeko herritarren partaidetza eta babesa beharrezkoa izango dutela.

Miriam Loidi

Eli Garmencia eta Carlos Pericas (Nomad Studio)

OHARRA

Fagus Alkiza interpretazio zentroa 2025eko udaberrira arte
itxita egongo da
toki aldaketagatik.

Dena den, bertan antolatzen diren jarduerek martxan segiko dute.

Barkatu eragozpenak.