Hernioren gailurren azpian, bada pago motzen sail erraldoi bat. Alkizako basoetako egurrarekin egindako barkuek urruneko itsasoak zeharkatu zituzten. Gainera, bertan sortutako ikatzarekin berotzen zituzten bai alkizarren sukaldeak eta baita industrietako labeak ere.

Mendeen joan etorrian, gizakiak garaian-garaiko egoerara moldatu eta diru-iturri berriak aurkitu behar izan ditu. Hainbat ogibide desagertu egin dira ondorioz. Esate baterako, Alkizan, sasoi batean, familia guztietan bazen ikazkinen bat. Ordea, txondorrak bezalaxe, langintza hori aspaldi itzali zen. Zuhaitz lepatuak, baina, ofizio horren lekuko biziak ditugu.

Lagunekin edo familiarekin goiz dibertigarria pasa nahi baduzu, zatoz Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak antolatu duen ibilbide gidatura. Uztailaren 25ean, Alkizako Plazatik abiatuko gara goizeko 10:00etan. Balentin Mugartza, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikaria,  gida dugularik arbasoengandik jaso ditugun altxor hauek hobeto ezagutuko ditugu.

Ibilbidea haurrekin egiteko modukoa izango da eta bi ordu inguruko iraupena izatea aurreikusten da. Bisitan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute kultura@alkiza.eus helbidera mezua vidalita edo 688 604 466 telefono zenbakira deituta.

Alkizarrentzako eta 12 urtera arteko gazteentzako doakoa izango da irteera, eta gainerakoek 4 euro ordaindu beharko dituzte.

Oharra: koronabirusaren izurriteari aurre egiteko, osasun agintariek ezarritako protokoloak aplikatuko ditugu. Bisita egunean bertan bizi dugun egoeraren araberako protokoloa jarraituko dugu.