Alkiza Hernio mendiaren magalean dagoen landa-eremuko herri ederra da. Naturagune aparta izateaz gainera, ekologikoki balio handikoa da. Izan ere, Natura 2000 Sare europarraren baitan aitorturik dago eta 2012an Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zuten.

Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremua da bertan Europar Batasunaren interesekoak diren espezieak daudelako. Esate baterako, harkaiztien gainean hegan ikusi daitezkeen hegazti sarraskijaleak. Alkiza sai arren eta sai zurien bizi-tokia da eta zor diegun begirunez, eurengan gerturatuko gara.

Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak hegazti hauek hobeto ezagutzeko ibilbide gidatua prestatu du. Jabier Vazquez basozain izango dugu bidelagun. Vazquezek paraje hauek primeran ezagutzen ditu eta sai arre eta sai zurien inguruko hamaika bitxikeria azalduko dizkigu.

Bisita gidatua uztailaren 4an egingo dugu (larunbata). Alkizako Plazatik abiatuko gara goizeko 10:00etan eta bi ordu inguru iraungo ditu irteerak. Ibilbidearen zailtasun maila ertaina da.

Bisitan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute kultura@alkiza.eus helbidera mezua bidalita.

Alkizarrentzako eta 12 urtera arteko gazteentzako doakoa izango da irteera, eta gainerakoek 4 euro ordaindu beharko dituzte.

Oharra: koronabirusaren izurriteari aurre egiteko, osasun agintariek ezarritako protokoloak aplikatuko ditugu. Bisita egunean bertan bizi dugun egoeraren araberako protokoloa jarraituko dugu.

[vc_button button_color=”color-nhtu” size=”btn-lg” radius=”btn-round” border_width=”0″ link=”url:http%3A%2F%2Foihantxiki.hl783.dinaserver.com%2Fwp-content%2Fuploads%2F2020%2F06%2FHEGAZTI-SARRASKIJALEAK-BISITA-2020-BAJA.pdf||target:%20_blank|”]Kartela jaitsi (PDF)[/vc_button]