PROIEKTUAREN NONDIK NORAKOAK

Alkizako Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, artistek hausnartu, sortu eta esperientziak partekatzeko beka bat sortu zuen 2018an: SORMENAREN KABIA.

SORMENAREN KABIArekin kultura eta arte-sorkuntza hirietatik deszentralizatu nahi ditugu. Landa-eremuko herri txikietan proiektu artistikoak gauzatu daitezkeela erakutsi nahi dugu eta bide horretan lehen urratsak egin ditugu hirugarren ekitaldia martxan baitago jada.

SORMENAREN KABIA-k, Alkizako herri-mugimendua biziberritzeko gizarte-ekintzen sustatzailea ere izan nahi du. Hala, Alkizako Udalak eta eragileek herri-bizitza suspertzeko beste pauso bat ematea erabaki dugu. Herriko bihotzean, plazan bertan kokaturik dagoen ALKIZAKO KABIA GUNEA sortu baitugu.

ALKIZAKO KABIA GUNEA bisitari eta herritarrentzako harrera-gunea baina gehiago izango da. Alkizak bere osotasunean eskaintzen duenaren erakusleihoa izateaz gainera, ezagutzak partekatzeko, herritarrak harremantzeko eta ekintza kultural eta sozialak antolatzeko gune bat ere izango da.

NORENTZAKO

ALKIZAKO KABIA GUNEAK edonorentzako ateak irekita izango ditu: BISITARIEI ongi etorri egingo zaie eta HERRITARREI beren sormenaren erakusleihoa eskainiko zaie.

ALKIZAKO KABIA GUNEAREN HELBURUAK 

ALKIZAKO ERAKUSLEIHOA IZANGO DA

Alkiza Euskal Herriko eskaintza turistikoan txertatu nahi dugu. Asko dira Alkizaren ezaugarri bertsuak dituzte eskualdeko zein lurralde mailako udalerriak. Hernio-Gazume mendigunea ezagutu nahi duenak, baina, Alkizan aurkituko du Kontserbazio Bereziko Eremuaren gakoak ulertzeko dagoen interpretazio zentro bakarra. Alkiza dugu Herniora sartzeko atea.

Alkizako plazara iristen denak herriak turistikoki eskaintzen duena ezagutzeko modua izango du ALKIZAKO KABIA GUNEAN: Fagus Alkiza interpretazio zentroa , Ur Mara Museoa, Lete Nekazaletxea eta Apartamentuak; Alkizako Herri Ostatua eta Inazio Urruzola Txakolindegia

ALKIZAKO KABIA GUNEA Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak ikastetxeentzat zein bestelako taldeentzat antolatzen dituen bisita gidatuetako abiapuntua ere izango da. 

HERRIAN SORTUTAKOEN ERAKUSTOKI ETA SALTOKIA 

Herritarren artean kulturari, sormenari eta jakintzari lotutako pertsona trebeak ditugu. Alkizar hauei eta nahi duten herritarrei euren lanak ikusgai eta salgai jartzeko aukera emango diegu. Halaber, SORMENAREN KABIA proiektuan parte hartu duen sortzaileek euren lanak ikusgai eta salgai jarri ahal izango dituzte. 

SORMENAREN KABIKO ARTISTENTZAKO LANERAKO GUNEA

SORMENAREN KABIA beka irabazten duten artistentzako lanerako tokietako bat ere izango da. Artistak Alkizan dauden bitartean espazio horretan landuko dute euren proiektuaren zatiren bat. Hartara, herritarrek artistekin zuzeneko harremanak izateko aukera izango dute.

ALKIZAKO HERRI DINAMIKA SUSPERTZEKO GUNEA

Gune hau alkizarrentzako bilgune erreferente izatea nahi dugu. Bertan ideiak, esperientziak, kezkak eta pentsamenduak partekatzea lortu nahi dugu. Herriaren ezaugarriak ardatz moduan hartuz, alkizarrak ekitaldi kultural eta sozialen ikus-entzule bakarrik ez, antolatzaile ere izatea desira dugu. 

ALKIZA EUSKARAREN ARNASGUNEA

Alkiza herri euskalduna da eta bere hizkuntzan, euskaraz egin nahi dio munduari. Beste hizkuntzak baztertu gabe, euskara izango da gure ardatza, gure komunikazio-tresna naturala.

ALKIZAKO KABIA GUNEAREN INAUGURAZIO EKITALDIA

Uztailaren 24an, 18:00etan  inauguratuko dugu ALKIZAKO KABIA GUNEA.

EGITARAUA

  • 17:00-18:00: Iñaki Martiarena Mattin ilustratzaileak komikigintza lantegia eskainiko die herriko haurrei.
  • 18:00: agintarien eta eragileen hitzak
  • 18:15etik aurrera: ALKIZAKO KABIA GUNEra bisita eta Alkizako Kabia pintxoa dastatzea Alkizako txakolinarekin eta sagardoarekin lagunduta.

INAUGURAZIO EKITALDIKO ARGAZKIAK

Argazkiak: Aitor Arroyo, Tolosaldeko Ataria

 

“BELARDO FAGUSTORA” ERAKUSKETA FAGUS ZENTROAN

UZTAILAREN 24TIK-ABUZTUAREN 31RA

 

Iñaki Martiarena Mattinek, SORMENAREN KABIrako logo efimeroa egin zuen iaz. Aurkezpen ekitaldian, Mikel Garaizabal enologoak ardo-kata egiten zuen

 

bitartean, Mattinek 2019ko behin-behineko irudia sortu zuen. Hala, hainbat elkarlanerako bidea hasi genuen.

Marrazkigileak Euskaldunon Egunkariako Xingola gehigarrirako asmatu zuen Belardo pertsonaia duela ia 20 urte, eta haren itxieraz geroztik Berriako Mantangorri gehigarrian argitaratu dira bere umorezko zintak.

Iaz zinta formatutik liburu formatura egin zuen jauzi Belardok, Belardo – Ba al zatoz? komikiarekin. 60 orri dituen komiki hau ez da bere zinten bilduma edo hautaketa bat, istorio luze berri bat baizik, non Belardok baserri ingurunea utzi eta hirira doan. Bertan bizitako gorabeherak kontatzen zaizkigu komikian, Belardoren ohiko hitz jokoekin eta pertsonaia berriekin.

Bada, Belardo baserri girora bueltatuko da. 20. Urteurrena ospatzeko, Mattinek erakusketa ikusgai jarriko du Fagus Alkiza Interpretazio Zentroan eta ALKIZAKO KABIA GUNEAN. Erakusketa ikusgai egongo da abuztuaren 31ra bitartean.

 

KOMIKIGINTZA LANTEGIKOA ARGAZKIAK

 

 

Argazkiak: Aitor Arroyo, Tolosaldeko Ataria.

OHARRA

Fagus Alkiza interpretazio zentroa 2025eko udaberrira arte
itxita egongo da
toki aldaketagatik.

Dena den, bertan antolatzen diren jarduerek martxan segiko dute.

Barkatu eragozpenak.