Alkizako Udalak eta herriko eragileek aurkeztu berri dute Sormenaren Kabia Bekaren bosgarren edizioa. Ur mara museoko Negutegian egin da da ekitaldia; artisten eta artezaleen bilgunea izan ohi dena, sormenaren sabela ere izan da gaur goizean. Izan ere, deialdiari buruzko xehetasunak ezagutzeaz gainera, bertaratuek Ainhoa Goenaga artistaren eta Juan Kruz Igerabide idazlearen “Habiak” saioaz gozatzeko aukera izan dute.

Alkizako Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, artistek, hausnartu, sortu eta lan egiteko espazio bat sortu zuen duela bost urte. Egitasmo horrekin, arte-sormena, kultura bera, hirietatik eta Alkiza landa-eremuko sorgune moduan erreferentea izatea lortu nahi du ekimenak eta bide horretan beste urrats bat egin dute gaur.

Inaki Irazabalbeitia, Alkizako alkateak aditzera eman duenez, “bi artistek, mila euroko saria jasotzeaz gainera, hiru astez Alkizan hausnartu eta sortzeko aukera izango dute aurten ere”. Horretaz gainera, batetik, irabazleek Elena Cajaraville artista bitxigilearen eta Koldobika Jauregi eskultorearen aholkularitza jasotzeko aukera izango dute. Bestetik, Unai Sorarrain bideogile alkizarrak beka eskuratu duen proiektu bakoitzeko ikus-entzunezko bat egingo du.

Antolakuntzak urtero epaimahai bat osatzen du berariaz aurkeztutako proposamen guztien artetik bi aukeratzeko. Aurten, Jauregi eskultorearen alboan izango dira Usoa Zumeta Sanz, serigrafía-egilea, Undermount Igeldo plataforma artistiko eta kulturaleko kideak eta Maria Andrés. Azken hori izan zen Bekaren hirugarren edizioko irabazleetako bat, Idoia Unzurrunzaga argazkilariarekin batera.

Bihartik aurrera eta ekainaren 30era bitartean izango da izena emateko aukera.

SORMENAREN KABIA OINARRIAK EUSK

SORMENAREN KABIA OINARRIAK GAZT

Argazkiak: Unai Sorarrain