Alkiza Hernio mendiaren magalean dagoen herri txiki bezain ederra da. Herriko plazatik bertatik paraje ikusgarriez goza dezakegu noranahi begiratzen dugula ere.

Ingurune hau polita izateaz gainera, balio ekologiko handikoa da. Izan ere, Alkiza Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuaren baitan kokaturik dago eta Natura 2000 Sare ekologikoaren baitan aitorturik dago.

Alkizako Udalak eta herritarrek aspaldi erabaki zuten herriaren etorkizunak ingurumenari, naturari lotuta joan behar duela ezinbestean. Hala, Fagus Alkiza interpretazio-zentroa sortu zuten 2013an. Zentroaren helburua da Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremua ezagutzera ematea eta bertan dauden altxorrak kontserbatu eta hobetzeko gizartea kontzientziatzea.

Fagus Alkiza da naturagune hau ezagutzeko eskualdean dagoen azpiegitura bakarra eta baita bertara sartzeko ate nagusia ere. Interpretazio zentroa apurka-apurka bere erakusketa aldatzen eta osatzen ari da. Ez du estatikoa izan nahi, baizik eta bizia eta garai berrietara moldatzen dena. Hala, azkeneko hilabeteetan erakusketa osatzeko hainbat lan egin ditu udalak. Besteak beste, zanbait informazio-panel berritu ditu eta elementu berriak gehitu ditu zentroan. Ikusgarria da benetan Koldobika Jauregi eskultoreak eta Elena Cajaraville artistak osatu duten harkaiztiaren erreplika.

Hernio-Gazumen babestutako hainbat animalia eta landare espezi eta hauen bizitoki edo habitatak aurki daitezke, besteak beste, harkaiztiak. Bertan bizi dira hainbat sai-arre eta saguzar. Bada, gaurtik aurrera Fagus-Alkiza interpretazio zentroan ikusgai dago harkaiztien erreplika ere.

Fagus zentroaren itsura berria ezagutu nahi duenak aukera paregabea izango du aurtengo udaran, uztaila eta abuztuan 4 bisita gidatu eskainiko ditu eta. Horietatik hiru euskaraz eskainiko dira eta bat gaztelaniaz. Parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako mezu bat bidali behar da kultura@alkiza.eus helbidera edo 688 604 466 zenbakira.

Bisita egiteko 5-€ ordaindu beharko dira zentroan bertan. Alkizarrentzat eta 12 urtez azpikoentzat bisita doakoa izango da.

 

UZTAILA
  • Uztailak 8, ostirala: 11:00etan. Euskaraz
  • Uztailak 29, ostirala. 11:00etan. Euskaraz
ABUZTUA
  • Abuztuak 23, asteartea. 11:00etan. Euskaraz
  • Abuztuak 26, ostirala. 11:00etan. Gaztelaniaz