Udaberriarekin batera, naturak bere soinu banda berezia ekartzen du: txorien kantuak. Horiek ezagutzeko eta entzuten ikasteko aukera paregabea izango da martxoaren 14an, larunbatean, Alkizan. Jarduera Udaletxeko Ganbaran hasiko da, eta ondoren inguruko naturan egingo den ibilaldi gidatu batekin osatuko da.
Saioaren lehen zatian, parte-hartzaileek txorien argazkiak pantaila handian ikusteko eta haien kantuak entzuteko aukera izango dute. Horrela, inguruan bizi diren hainbat espezie ezagutzeko eta bereizteko oinarrizko gakoak ikasiko dira. Ondoren, ikasitakoa praktikan jartzeko, adin guztietarako egokia den ibilbide bat egingo da Alkizako inguruan, naturan bertan txorien presentziaz gozatzeko.
Ibilbidea Mikel Olano basozainak gidatuko du. Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko basozaina da eta urte luzez aritu da basa-faunaren jarraipenean eta naturaren interpretazioan. Txorien kantuen inguruko tailerrak eta irteerak ere gidatzen ditu askotan, eta bere ustez naturarekin harremana sendotzeko ariketarik garrantzitsuenetako bat entzuten ikastea da: txorien kantuek informazio baliotsua ematen baitute naturaren erritmoei eta espezieen jokabideari buruz.
Saio honen bidez, parte-hartzaileek aukera izango dute udaberriko goiz batez naturan murgiltzeko, txorien mundura hurbiltzeko eta entzumenaren bidez paisaia modu berrian interpretatzeko.
Ohar praktikoak
- Oinetako eta arropa erosoak eramatea gomendatzen dugu.
- Prismatikoak ekartzea ere aholkatzen dugu.
Izen-ematea
Izena emateko azken eguna martxoaren 13a izango da, edo plazak agortu arte.
Kontuan izan bisitara etorri nahi duen pertsona bakoitzeko izen-emate bana egin behar dela.
IZENA EMATEKO KLIKATU HEMEN
Datu nagusiak
- Eguna: martxoak 14, larunbata
- Ordua: 10:00etan hasiko gara (mesedez, garaiz etorri)
- Iraupena: gutxi gorabehera 2 ordu eta erdi (baliteke pixka bat luzatzea)
- Lekua: Alkizako Udaletxeko Ganbara (hasiera)
- Prezioa: alkizarrentzat eta 12 urte edo gutxiagoko haurrentzat doan; gainerakoentzat 5 €
- Ordainketa: bertan, eskudirutan
- Hizkuntza: euskaraz
- Gidaria: Mikel Olano basozaina





