BI IZANGO DIRA SORMENAREN KABIAN PARTE HARTUKO DUTEN ARTISTAK
Poliki-poliki eta mimo handiz hasi ginen gure kabia eraikitzen, orain iritsi da hau betetzeko unea. Uztailaren hasieran Sormenaren Kabia Artistentzako Egonaldien lehen edizioan parte hartzeko deialdia egin genuen eta aleka-aleka asko izan dira iritsi diren proposamenak, 23 orotara. Lehen ekitaldiak gure aurrikuspenak gainditu ditu eta ezustekoa ere eman digu!
Gure asmoa hautagai guztien artean bakarra aukeratzea bazen ere, finalera iritsitako bi proiektuen maila ona ikusita, azkenik, Sormenaren Kabia Artistentzako Egonaldien lehen edizioan bi artistek parte hartuko dute. Izan ere, epaimahaiak, bertan parte hartzeko aukera eta 1000€ko beka bi artista hauei ex aequo ematea erabaki baitu: Kimia Kamvariri eta Txiki Keixetari.
JASOTAKO PROIEKTUAK
Parte hartze datuak hitz bakarrarekin laburbildu beharko bagenitu, “emakumea” izango litzateke horretarako hitzik egokiena, hautagaien gehiengoa emakumea izan baita. Jaso ditugun 23 proiektuetatik hamabost emakumezkoenak izan dira eta bost gizonezkoenak. Bestalde, hiru konpainia artistikok aurkeztu dute euren proposamena eta talde hauetan ere emakumeak tarteko izan dira.
Euskal Herri bertako parte-hartzaile asko izan ditugu eta baita atzerrikoak ere: Espainia, Txile, Argentina, Iran eta Erresuma Batukoak besteak-beste. Modu honetara, jatorri, kultura, hizkuntza eta bizi molde ezberdinetako pertsonek naturaren, gizakiaren eta kulturaren topalekura, Alkizara etorri nahi dutela adierazi digute.
Sormenaren Kabira gerturatu direnen artean artista hasi berriak zein ibilbide luze eta oparoa dutenak izan ditugu, belaunaldi ezberdinetako sortzaileek bat egin dute gure ekimenarekin. Hautagaien bataz besteko adina 35-40 urte bueltakoa da, 23 urte ditu kiderik gazteenak eta 63 berriz beteranoenak.
Dantzariak, koreografoak, psikologoak, clownak, aktoreak, marrazkilariak, irakasleak, zinemagileak, antzerki sortzaileak… denetariko profesionalen lanak jaso ditugu eta disziplina ezberdinetan jarduten badute ere, guztiak batzen ditu arteak, esperimentatu eta sortzeko gogoak.
HAUTATZEKO BATZORDEA ETA IRIZPIDEAK
Proposamenak aztertu eta guztien artean proiektu bat aukeratzeko xedearekin, Fagus Alkiza Interpretazioa Zentroak honako epai-mahaia osatu du:
- Jon Umerez: Alkizako alkatea.
- Koldobika Jauregi: eskultorea. (www.urmara.com)
- Maria Altuna Lizarraga artista eta ikertzailea. (https://www.marialtunalizarraga.com/)
- Aitor Irulegi artista.
- Laurita Siles artista eta ikertzailea.( https://folklorenomada.com/home.html) eta (http://karrantzakomuturbeltz.blogspot.com/)
- Ixiar Garcia artista. (www.wearepinkgorillas.com/portfolio_mod/ixiar-garcia)
Epai-mahaiak jasotako lan guztiak aztertu ditu eta erabakia hartzerakoan irizpide hauek izan ditu kontuan:
- Proiektuaren originaltasuna.
- Proiektuaren koherentzia Fagusen hiru ardatzekin: Natura, gizakia eta kultura.
- Sormenaren Kabia-k eskaintzen dituen lan-espazioetara eta baliabideetara egokitzapena.
- Artistak proiektuan parte hartzeko azaldu duen interesa.
HAUTATUTAKO PROIEKTUAK
Aurrez esan bezala, hasiera bateko asmoa artista bakarraren lana saritzea bazen ere, finalera iritsi diren bi proiektuen maila ona ikusirik, epaimahiak azkenik, beka Kimia Kamvariri eta Txiki Keixetari ex aequo ematea erabaki du.
KIMIA KAMVARI MOGHADDAM
Kimia orain dela hiru urte iritsi zen Euskal Herrira. Hamabi miloi biztanle dituen Teheranndik, Beasaingo Astigarretara, hogei biztanleko auzora etorri zen. Aldaketa horrek Kimiak natura ikusi, sentitu eta ulertzeko zuen modua errotik aldarazi zuen. Hala, ingurunea beste ikuspegi batetatik behatzen hasi zen eta eguneroko bizitzan kontsumitzen ditugun zenbait materialekin artelanak sortzen hasi zen. Besteak-beste, azken urteetan perretxikoekin lan egiten du. Kamvariren hitzetan “lurreko elementu magikoak dira, bai errealitatean eta baita ipuinetan ere: ez dira ez animaliak ez eta landareak ere, leku guztietan daude eta gizakion garapenean eragina izan dute”. Kimiarentzako “Perretxikoak bilatzea meditazio hutsa da”.
Therendarrak azken hiru urteetan egin dituen lanak ikusgai jarriko ditu azaroan Donostiako Cristina Enean. Erakusketa hori behar bezala antolatzeko baliatuko du Alkizako egonaldia. Herritarrekin hitz egin eta euren hitzetatik ikasi nahi du Kamvarik. Hernio mendiaren magalean ibilaldiak egin eta naturak dioena entzun nahi du ikusi eta ikasitakoa gero bere obran jasotzeko.
TXIKI KEIXETA (Antonio Maria Agirre Garate)
Txikik gaztetatik izan du arterako zaletasuna, batez ere margolaritzarekikoa. Bere ibilbide luze eta oparoan hamaika erakusketa, instalazio eta interbetzio artistiko egin ditu, taldeka nahiz bakarka.
Bestalde, zenbait ipuin liburu eta aldizkarietako ilustrazioak eta disko azaletako irudiak ere egin ditu.
Sormenaren Kabira aurkeztu duen egitasmoa naturan oinarritzen da. Bere lanaren funtsa hain zuzen ere naturako lau elementuen (sua, lurra, airea eta ura) arteko interakzioa da. Hala, lau elementu hauek material eta tresna moduan erabiliaz, beraien artean harreman anitzak sortuaz, ondorio berri eta errepikaezinak lortzea izango du helburu artelan bakoitza egiterakoan. Lurra edo buztin errefraktarioa izango da erabiliko duen materiala eta ontzigile teknika tradizionala baliatuko du lanerako orduan.
Naturak berak, Alkizako inguruneak bideratuko du Keixateren lana eta bere arrastoa utziko du artistaren estilo pertsonalean.
SORMENAREN KABIA EGONALDI ARTISTIKOA
Fagus Alkiza Intepretazio Zentroak artearen sorkuntza hirietatik deszentralizatu eta gizarteratzeko helburuarekin artistek hausnartu, esperimentatu eta lan egiteko espazio berri bat sortu du. Hala, deialdi honetan parte hartu duten sortzaileetako bik Hernio mendiaren magalean, Europa 2000 Sarean aitortutako naturgune zoragarri baten erdian euren proiektuak burutzeko aukera izango dute datozen asteetan.
Hautatutako pertsonek bi aste izango dituzte euren ideia edo sentimenduei forma emateko. Lete nekazaletxea, Ur Mara Museoa, Inazio Urruzola Txakolindegia eta Alkizako basoak, larreak zein pagadiak izango dira artisten insipirazio iturri eta baita bat-bateko lantoki ere.
Bestalde, proiektua aurrera eramateko, artistek 1000€ko beka bana jasoko dute.
Sortzaileen eta herritarren artean sinergiak sortzeko aukera ere eskainiko die Sormenaren Kabia-k. Hala, Alkizara etorriko diren artistei herriko eragileekin zein gainerako herritarrekin hartu-emanetan egoteko aukera emango zaie.
Egonaldiari buruzko xehetasunak (datak, agenda, artistekin elkarrizketak egiteko datak e.a.) Fagus Alkiza Interpretazioko webean (www.fagus-alkiza.eus) argitaratuko ditugu.
Ekinez eta ilusioz sortu dugu Sormearen Kabia. Lan eginez, ikasiz, esperimentatuz, eginez eta deseginez, gure kabia handitzen joango gara bertan artista gehiagok tokia izan dezaten.
KOMUNIKABIDEETAN AGERRALDIAK
– Tolosaldeko Ataria: “Bi izango dira Sormenaren Kabian ariko diren artistak”.
– Berria: “Jasotzeko eta emateko habia”
– Diario Vasco: “Kabia prest Alkizan, udazkenean sortzaile batek bertan egonaldia egin dezan”
– Diario Vasco: “Sormenaren Kabiak baditu lehen txoriak”
– Gara: “Sormenaren Kabia artistentzako egonaldia abiatu dute Alkizan”
Onda Vasca-ko Gipuzkoako Kale Nagusia saioan egindako elkarrizketa.
– Facebook: https://www.facebook.com/Gipuzkoako-Kale-Nagusia-291874774327059
– Onda Vasca-ko webgunean artikulua: https://www.ondavasca.com/#/audios/alkizako-udalak-egonaldi-artistikoak-antolatu-ditu
One Comment