Zortzigarren edizioan, lehen aldiz, 18 eta 35 urte arteko sortzaileentzat propio zuzendutako beka bat eskainiko da; beken zenbatekoa 1.250 eurokoa izango da.
Sormenaren Kabia Bekaren 8. edizioa martxan da, eta aurtengo berrikuntza nagusia da hautatutako bi proiektuetako bat 18 eta 35 urte arteko gazteei edo talentu berriei zuzendua izango dela. Alkizako Udalak eta herriko eragileek elkarlanean sustatzen duten egitasmoak artea eta natura uztartzen ditu, eta arte-sorkuntza landa eremura ekartzea du helburu.
Deialdia gaurtik, maiatzaren 5etik, ekainaren 6ra bitartean egongo da zabalik.
2018az geroztik, Sormenaren Kabia Bekak edozein diziplinatako artistei (arte plastiko eta bisualak, eszenikoak, literatura, musika, zinema, arkitektura, dantza…) beren proiektua landu eta garatzeko aukera eman die. Aurten ere bi proiektu hautatuko dira, eta gazteei zuzendutako bekak hasiberri diren sortzaileei beren proiektu artistikoak garatzeko aukera eta babesa ematen die.
Artista bakoitzak 1.250 euroko dirulaguntza jasoko du, eta hautatutako artistek hiru astez Lete Apartamentuetan egingo dute egonaldia, proiektuari dedikazio osoz heltzeko aukera izanik. Parte-hartzaileek Urmara museoko Elena Cajaraville artista bitxigilearen aholkularitza jasoko dute, eta Unai Sorrarain bideoegile alkizarrak ikus-entzunezko pieza bana sortuko du hautatutako lan bakoitzaren inguruan.
Epaimahaia honako hauek osatuko dute:
- Elena Cajaraville Ordoñana, artista bitxigilea eta Urmara museoko zuzendaria.
- Txiki Agirre “Keixeta”, margolaria eta eskultorea.
- Zaloa Ipina Bidaurrazaga, artista plastikoa izango dira epaimahaikideak.
Hautaketa egiteko hainbat irizpide hartuko dira kontuan: kalitatea eta sormena, berrikuntza, ibilbidea, motibazioa, metodologia eta kronograma, jasangarritasuna, eta Alkizari egiten zaion ekarpena.
Sormenaren Kabia deialdia guztiz irekia da, bai eskarmentu handiko sortzaileentzat, bai lehen pausoak ematen ari direnentzat ere. Alkiza prest dago proposamen berriak jasotzeko eta artea naturarekin uztartzen jarraitzeko.