Sormenaren Kabia Beka Alkizako Udalak sustatutako egonaldi artistikorako programa da, 2018an sortua, Koldobika Jauregi artistaren gidaritzapean eta herriko eragileekin elkarlanean. Ekimenaren helburua argia da: arte-sorkuntzarako espazio eta denbora eskaintzea, naturagune paregabe batean, sorkuntza, hausnarketa eta esperimentazioa uztartzeko.

2025eko EDIZIOA

Aurtengo edizioan, Camile Duhart eta Luzia Pedregal izan dira bekaren irabazleak. Hala ere, arrazoi pertsonalak direla medio, Pedregalek bere egonaldia datorren urtera arte atzeratu behar izan du. Ondorioz, aurten artista bakarraren emaitza aurkeztu da:
Camile Duharten Babesleku: Visual Refuge proiektua.

AURTEKO EPAIMAHAIA

2025eko edizioko epaimahaia diziplina eta esperientzia anitzeko profesionalek osatu dute:

  • Elena Cajaraville Ordoñana, artista bitxigilea eta Ur Mara museoko zuzendaria
  • Txiki Agirre (Keixeta), margolaria eta eskultorea
  • Zaloa Ipina Bidaurrazaga, artista plastikoa

HAUTAKETA IRIZPIDEAK

Aurkeztutako proiektuak ondoko irizpideen arabera baloratu dira:

  • Kalitatea eta sormena
  • Berrikuntza eta originaltasuna
  • Ibilbide artistikoa
  • Motibazioa eta konpromisoa
  • Proiektuaren bideragarritasuna, metodologia eta kronograma
  • Jasangarritasuna
  • Alkizako herriari egiten zaion ekarpena

CAMILE DUHART — Babesleku: Visual Refuge

Camile Duhart artista bisuala da, eta bere lanetan artea, teknologia eta natura uztartzen ditu, ikus-entzunezko instalazio esperimentaletan. Alkizan garatutako Babesleku: Visual Refuge proiektuan, eskultura biodegradagarri bat eta bideo-artea elkartzen dira, inguruko elementuekin sortutako mapping baten bidez: goroldioaren testurak, basoko soinuak, argiak…

Lan honek ikusgarria eta ikusezina konektatzen ditu, paisaia zentzumen bidez bizitzeko esperientzia sortuz. Sorkuntza poetiko eta ekologikoa da, gizatiarraren eta ez-gizatiarraren arteko harremanei buruzko gogoeta proposatzen duena.

Camile Duharten lana 2026an zehar ikusgai egongo da Fagus Alkiza interpretazio zentroan.

Hemen ikusgai duzue Unai Sorarrain bideogileak egindako ikus-entzunezkoa: