Aurtengo edizioan, Camile Duhartek eta Luzia Pedregalek eskuratu dute beka. Hala ere, arrazoi pertsonalengatik, Pedregalek bere egonaldia datorren urtera arte atzeratu behar izan du. Ondorioz, aurten artista bakarraren emaitza ezagutuko dugu: Camile Duharten “Babesleku: Visual Refuge”.

SORMENAREN KABIA BEKA Alkizako Udalak, Koldobika Jauregi artistaren gidaritzapean, 2018an sortu zuen ekimen hau. Helburua da artistei espazio bat eskaintzea, non naturagune paregabe batean esperientziak partekatu, hausnartu, sortu eta esperimentatu ahal izango duten.

EPAIMAHAIA (2025)

— Elena Cajaraville Ordoñana, artista bitxigilea eta Ur mara museoko zuzendaria

— Txiki Agirre, Keixeta, margolaria eta eskultorea

— Zaloa Ipina Bidaurrazaga, artista plastikoa

HAUTAKETA-IRIZPIDEAK

  • Kalitatea eta sormena
  • Berrikuntza eta originaltasuna
  • Ibilbide artistikoa
  • Motibazioa eta konpromisoa
  • Bideragarritasuna, metodologia eta kronograma
  • Jasangarritasuna
  • Alkizako herriari egiten zaion ekarpena

ARTISTA: CAMILE DUHART — “Babesleku: Visual Refuge”

Camile Duhart artista bisuala da, eta bere lanak artea, teknologia eta natura uztartzen ditu ikus‑entzunezko instalazio esperimentaletan.

Alkizan gauzatutako proiektuan, eskultura biodegradagarri bat eta bideo-artea batzen dira, inguruko elementuekin sortutako mapping baten bidez: goroldioaren testurak, basoko soinuak, argiak…

Artelan honek ikusgarria eta ikusezina konektatzen ditu, paisaiaren zentzumen‑esperientzia bat sortuz. Sorkuntza‑lan poetiko eta ekologikoa, gizatiarraren eta ez‑gizatiarraren arteko zubia.


(Argazkia: Unai Sorarrain)

AURKEZPEN EKITALDIA

Camile Duhart pasa den udaran Alkizan egon da, eta abenduaren 19an jendaurr ean aurkeztuko du egindako lana. Egonaldian zehar sortutako hainbat pieza erakutsiko ditu, eta bere esperientzia azalduko du. Bestalde, Unai Sorarrain bideogileak artistaren lana ikus‑entzunezko batean jaso du eta ekitaldian proiektatuko da.

DATAK

NOIZ: abenduak 19, ostirala

NON: Udaletxeko Ganbaran

ORDUTEGIA: 19:00 – 19:30

Prentsa oharra (PDF)