Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak artistek gogoeta egin, esperimentatu, sortu eta esperientziak elkarbanatzeko ekimen berritzaile bat sortu du: SORMENAREN KABIA, ARTISTENTZAKO EGONALDIA.
Egitasmo honek, besteak beste, herri-bizitza sustatzeko akuilua izan nahi du, eta horregatik, urtean zehar Sormenaren Kabiari lotutako hainbat ekintza kultural antolatuko ditugu. Esate baterako, uztailaren 6an, “NATURA, GIZAKIA ETA ARTEA” SORTZAILEEN II. TOPAKETA ospatuko dugu. Hala, Alkizako plaza sortzaileen bilgune izango da
Topaketaren II. Ekitaldian “Basoa” izango da parte-hartzaileek aintzat hartu beharko duten gaia. Hamaika izan daitezke hari horri heltzeko moduak: musika, pintura, sukaldaritza e.a. Hala, uztailaren 6rako ezohiko egitaraua prestatu dugu.
Alkizan natura eta artea eskutik doaz, ama lurrak berak eskaintzen dizkigu hain zuzen ere artelanik ederrenak. Ikusmena, entzumena, dastamena, usaimena eta ukimena; zentzumen guztiak lantzeko aukera eskaintzen digu arteak, are gehiago Hernio mendiaren magalean bagaude.
“Natura, gizakia eta artea” Sortzaileen Topaketa esperimentu bat da, bere zentzurik onenean. Ekimen honetan parte hartzeko deialdi irekia egin genuen orain aste batzuk sare sozialetan, Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren atarian eta baita ahoz aho ere. Bada, artea eta natura maite duten dozena bat lagunen proposamenak jaso ditugu eta guztia prest dutu Sortzaileen Topaketaren II. Ekitaldirako. Topaketa goizean zehar, Alkizako Plazan ospatuko dugu eta hiru atal izango ditu: “Natura, gizakia eta artea” tailerren gunea; “Natura eta gizakia. Interakzioa” sorkuntza-gunea eta “Sustraietatik geroa” osasunari eskainitako gunea.
EGITARAUA
Non: Alkizako Plazan
Noiz: Uztailaren 6an.
Ordutegia: 10:00etatik, arratsaldeko 14:00tara
“Natura, gizakia eta artea” tailerren gunea
- KAMISHIBAI: IPUINAK SORTZEKO TAILERRA. 11:00tatik-12:00tara:
Iñaki Martiarena, Mattinek, ilustrazioen bidez istorioak kontatzeko teknika japoniar hau zertan datzan azalduko digu.
- PAPEREZKO TXORIAK EGITEKO TAILERRA.12:30tatik-13:30tara. Koldobika Jauregi eskultore alkizarrak, origamiaren bidez, edo papera tolestuz irudiak egiteko arte japoniarraren bidez paperezko txoriak egiten irakatsiko digu.
- Oharra: tailerretan parte hartzeko nahiko da ordurako plazan egotearekin. Dohakoak dira.
“Natura eta gizakia. Interakzioa” sorkuntza-gunea
- “INTERAKZIOA” PERFORMANCEA: 12:00tatik-12:30tara:
Miren Fagoaga eta Naiara Delgado artistek “Interakzioa” performancea gauzatuko dute. Gizakiok, naturarekin eta oro har bizitzarekin dugun harremanaz gogoeta egingo dute euren ikuskizunean.
- BASAJAUN ETA BASANDERE, BASOEN ZAINDARI. 10:00tatik aurrera:
Hecor Luna sortzaileak Basajaun eta Basandere, basoa zaintzen duten pertsonaia mitologikoen garrantzia aldarrikatuko du. Pintura eta collage teknikak erabiliz eta basoan jasotako elementuekin osatuko du bere artelana.
“Sustraietatik geroa” osasunari eskainitako gunea
- URKI-URA, EZKURRA ETA BASA-LANDAREAK. ZERGATIK ETA ZERTARAKO?
Zorione Mendezek eta Beñat Irazustak, gure sustraietara begira jarriko gaituzte. Gure arbasoak naturarekin harreman estuan bizi ziren eta hala, lurrak emandako guztiari etekina ateratzako gai ziren. Urki-ura, ezkurra edota basa-landareak zertarako eta zergatik erabili daitekeen azalduko diote euren postura gerturatzen den edonori.
- AITONAREN UKENDUA, ONDO GORDETAKO ERREZETA
Maddi Miner, belaunaldiz belaunaldi beregana iritsi den “aitonaren ukendua” egiten irakatsiko digu. Sendabelar ezberdinak bereizten eta hauen erabilera desberdinak zeintzuk diren ikasiko dugu bere ondoan.
Txakun, Txukun. Basoaren soinua
- “TXAKUN, TXUKUN”: TXALAPARTA & ALBOKA
Iñaki Iriarte eta Ainara Agirre sortzaileek, “Txakun, Txukun” txalaparta eta alboka taldea osatu dute. Musikariek ekitaldirako apropos egokitutako ikuskizuna eskainiko dute goizean zehar.