Alkizako Udalak omenaldia egingo diela garai batean ikazkin lanetan aritu ziren herritarrei. Ekitaldia hurrengo larunbatean, martxoaren 26an egingo da.

Hasteko, Alkizako basoetan barna ibilbide gidatua egingo dugu Valentin Mugartza, Aizkorri-Aratz parkeko zuzendariarekin batera. Bidean zehar naturaz gozatzeaz gainera, ikazkinen ofizioa eta zuhaitz lepatuen mundua hobeto ezagutzeko aukera izango dugu. Parte hartzea doakoa da, baina, aurretik izena eman behar da. Horretarako mezu bat bidali behar da kultura@alkiza.eus helbidera edo 688 604 466 zenbakira.

Ibilbide gidatua Alkizako plazan amaituko da. Bertan, garai batean ikazkin lanetan aritu ziren hainbat herritarrekin solasean aritzeko tartea hartuko dugu. Ogibide gogor hori nola bizi izan zuten ezagutuko dugu protagonisten testigantzak entzunez.

Eguerdian, berriz,  Alkizako Udalak omenaldia egingo die txondorgileei. Udal ordezkarien hitzez gainera, Anjel Mari Peñagarikano bertsolariaren ahotsa ere presente egongo da.

Omenaldia amaitzeko, Mikel Garaizabal somelierraren gidaritzapean, ardo, sagardo eta gazta dastaketa egingo dugu plazan bertan. Dastaketan parte hartzeko 5-€  ordaindu beharko dira  bertan eta beharrezkoa da aurrez izena ematea. Horretarako mezu bat bidali behar da kultura@alkiza.eus helbidera edo 688 604 466 zenbakira.

Bestalde, goiz osoan zehar “Ikiliko txondorra” erakusketa ikusi ahal izango da zimiterioan. Alkizako Itxurain Elkarteak 2009an Ikili baserriaren ondoan egin zuen txondorrari buruzko liburua kaleratu zuen. Xabier Artola Zubillaga, ”Artzubi”k egindako argazkiekin osatu zen liburua eta martxoaren 26an irudiak ikusgai egongo dira.

Alkizako Udalak ekimen honen bidez, esker ona adierazi nahi die Alkizako basoetan mendez-mende lanean aritu diren herritar guztiei. Zenbait ogibide galtzen joan badira ere ez dugu euren memoria itzaltzerik nahi.