BIODIBERTSITATEA ETA ETORKIZUNA: ERRONKA PARTEKATUAK

2030 Agendaren erronkei erantzuteko tokiko ekarpenak

2025eko urriak 25 eta 26

Fagus Alkiza interpretazio zentroak, UEUren laguntzarekin, dibulgazio jardunaldiak egingo ditu datorren urriaren 25ean eta 26an. Jardunaldi hauen xedea da herritarren kontzientziazioa sustatzea eta adieraztea biodibertsitatearen zaintza gure esku dagoela, erronka kolektibo eta partekatu gisa ulertuta.

Alkizako Udalak urteak daramatza ingurumenaren alde lanean, eta jardunaldi hauek ildo horretan beste urrats bat izango dira. Horrela, 2030 Agendan jasotako helburuei erantzuteko konpromisoa berresten du, eta herritik bertatik ekarpena egiten jarraitu nahi du, dibulgazioa eta herritarren inplikazioa oinarri hartuta.

Nori zuzenduta dago?

Jardunaldiak natura eta ingurumenaren zaintza interesgai dituzten herritar guztiei daude zuzenduta, baita naturarekin lotutako ikasketak egiten ari diren ikasleei ere.

Non?

Alkizako udaletxeko ekitaldi-aretoan.

Noiz?

2025eko urriaren 25ean (larunbata) eta 26an (igandea).

Hizkuntza

Euskara.

Jardunaldiak DOAKOAK dira.

Izena emateko epea: irailak 22-urriak 12, bi egunak barne.

Plazak mugatuak dira. Plaza baino izen-emate gehiago badago, zozketa egingo da izena eman dutenen artean.

Informazio gehiagorako edo zalantzak argitzeko: kultura@alkiza.eus

Izena eman hemen

Ekitaldiaren bideoa

Ekitaldiak amaitutakoan, bertan eztabaidatutakoa laburbiltzen duen

bideo bat eskaintzen dizuegu jarraian.

PROGRAMAZIOA

URRIAK 25, LARUNBATA


09:00 – 09:15 Antolatzaileen ongietorria


09:15 – 09:50
“KORRIDORE EKOLOGIKOAK KLIMA ALDAKETAREN GARAIAN”

Hernio-Gazume-Pagoeta-Izarraitz
30 minutu azalpena + 5 minutu galderak.

Zer landuko da?

Gipuzkoako basoek ez dute nahikoa azalerarik funtzionalitate ekologikoa bermatzeko. Lurralde honetan biodibertsitatea mantendu edota berreskuratzeko ezinbestekoa da paisaian barreiatuta dauden baso-mantxa horiek korridore ekologikoak bihurtzea, eta horretarako, aukera bikaina eskaintzen dute Hernio-Gazume KBEak, Pagoetako parke naturalak eta Izarraitz KBEak. Hori erakustea izango da hitzaldiaren helburua.

Hizlaria:

Aitziber Sarobe Egiguren, biologoa

Naturkom taldeko kidea eta HUHEZI unibertsitateko irakaslea.


09:50 – 10:25
2. hitzaldia: “EGUR HILA ETA BIZIA: INTSEKTU SAPROXILIKOAK ETA EGURRAREN DESKONPOSIZIOAREN GARRANTZIA BIODIBERTSITATEAN”

30 minutu azalpena + 5 minutu galderak.

Zer landuko da?

Ezagutu egurraren deskonposizio prozesu liluragarria eta bertan bizi diren fauna espezializatuaren mundua! Intsektu saproxilikoak izango dira ardatz nagusia: zer diren, zein den haien eginkizuna ekosistemetan eta biodibertsitatearen kontserbazioan duten garrantzia. Bizi zikloa, espezie aipagarrien ezaugarriak eta bioindikadore gisa duten balioa azalduko dira.

Hego eta Ipar Euskal Herriko basoen kudeaketa ereduen arteko aldeak aurkeztuko dira, ikuspegi historikoa eta legala barne: egurraren ustiapen tradizionala (ikatza, eraikuntza, itsasgintza…), gaur egungo praktikak, egur hilaren presentzia eta garrantzia, baita zuhaitzen eraztuntzea edo pago-motzen inguruko ohiturak ere.

Azkenik, ingurumen-hezkuntzaren bidez gizartearen kontzientzia nola handitu daitekeen aztertuko dugu, bioaniztasunaren etorkizuna bermatzeko aukerak partekatuz.

Hizlariak:

Iñaki Mezquita Aranburu

Aranzadi Zientzia Elkarteko Entomologia Saileko kidea

Jon Frahier, Ingurumen hezitzaile-teknikaria

CPIE Littoral-basque Euskal-itsasbazterrako Ingurumen hezitzaile-teknikaria


10:25 – 11:00

3. hitzaldia: “KIROPTEROEN KUDEAKETA ETA HAIEN EGINKIZUNA EKOSISTEMAN”

30 minutu azalpena + 5 minutu galderak.

Zer landuko da?

Aniztasun biologikoaren kontserbazioa berebizikoa da planetaren bizitzarako, gizarte ongizaterako eta garapen ekonomikorako. Saguzarrak, biodibertsitate horren parte direnez, bizi diren ekosistemetan funtsezko pieza izateaz gain, gure osasunerako eta laborantzarako kaltegarriak diren intsektuen populazioak kontrolatzearekin, zerbitzu ordezkaezina eskaintzen diote gizarteari.

Tamalez, Europa mailan saguzar espezie ezberdinen populazioak gainbeheran daude, batez ere, giza jardueren eraginez. Hitzaldi honetan azpimarratuko dugu fauna talde honen banaketa edo ugaritasunari buruzko informazioa edukitzearen garrantzia, Gipuzkoako kiropteroen atlaseko emaitza nagusiak azalduko ditugu eta kontserbaziorako gakoak aurkeztuko ditugu.

Hizlariak:

Naiara Corcuera Landaluze, Ingurumen zientzietan lizentziaduna

Urteak daramatza saguzarren portaera, habitata eta biodibertsitatean duten garrantzia aztertzen. Bere lanak, ikerketa zientifikoaz gain, dibulgazioan eta hezkuntzan ere oinarritzen dira, saguzarren inguruko mitoak apurtuz eta haien garrantzia gizarteratuz.

Ion Fontenla Sukia, nekazaritza-ingeniaria

Ion nekazaritza-ingeniaria eta naturazalea da. Saguzar-espezieen identifikazioan eta populazioen jarraipenean eskarmentu handia du, eta Euskal Herriko hainbat proiektutan parte hartu du. Bere helburua da saguzarren inguruko ezagutza zabaltzea eta haien babesaren aldeko kontzientzia piztea.


11:00 – 11:30
Atsedenaldia: Kafea


11:30 – 12:05
“URAREN TAUPADAK – GAREN (H)URA”

30 minutu azalpena + 5 minutu galderak.

Zer landuko da?

Ura ezinbesteko baliabidea da izaki bizidunontzat, lurraldearen ondare naturalaren atalik garrantzitsuena izanik. Gure paisaien ardatza izateaz gain, herriak eta etxeak non kokatu ditugun baldintzatu du eta baldintzatzen jarraitzen du. Hala ere, egunero erabiltzen dugun arren, ezer gutxi dakigu berari buruz.

Hitzaldi honen helburua urari buruzko ezagutza hobetzea da, batez ere lurpeko urari dagokionez, eta baita eremu karstikoei dagokienez ere. Alkiza herriaren zati bat eremu karstikoa da eta, hala izanik, zaurgarritasun handiko ingurua. Gure esku dago altxor hau zaindu eta babestea, baina “ezin errespetatu eta babestu maitatzen ez dena eta ezin maitatu ezagutzen ez dena.”

Hizlaria:

Inma Mugerza Perelló, hidrogeologoa, dibulgatzailea

Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia Saileko ikertzailea eta Lurpea Garbi elkarteko kidea


12:05 – 12:55
Fagus Alkiza interpretazio zentrora bisita gidatua


12:55 – 13:00
Amaiera


URRIAK 26, IGANDEA


Bisita gidatua Alkizan. “Zuhaitz lepatuak, gure arbasoen lekuko biziak”

Zer landuko da?

Zuhaitz lepatuak, gure arbasoen lekuko biziak

Valentín Mugarza basozainak gidatutako ibilbide honetan Alkizako basoetan barneratuko gara, iraganaren aztarna biziei begira. Zuhaitz lepatuak ez dira edozein zuhaitz: gizakiaren eta naturaren arteko harremanaren testigu isilak dira. Zer dira, zergatik moztu ziren, eta zer balio dute gaur egun? Ibilbidea hasi aurretik ikus-entzunezko bat ikusi ahal izango dugu, zuhaitz lepatuen testuingurua hobeto ulertzeko. Ondoren, paisaia, historia eta kultura uztartuz, gure arbasoek basoa nola ulertzen eta erabiltzen zuten ezagutuko dugu. Aukera paregabea da ondare natural eta kulturala bizirik dagoela sentitzeko.

Gida:

Valentin Mugarza Martínez, basozaina

Antolatzaileak eta Laguntzaileak

Ekimen honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko dirulaguntza jaso du.