Dagoeneko martxan da Sormenaren Kabia Bekaren laugarren edizioa. Bi artistek, diru saria jasotzeaz gainera, hiru astez Alkizan hausnartu eta sortzeko aukera izango dute aurten ere. Bihartik aurrera eta uztailaren 5a bitartean izango da izena emateko aukera. Oinarriak ikusgai daude www.fagus-alkiza.eus atarian.

Alkizako Lete Nekazalturismoaren atari ikusgarrian egin da aurkezpen-ekitaldia gaur eguerdian. Herritarrek egindako bertso musikatuen bidez azaldu dituzte beka honek dituen ezaugarririk garrantzitsuenak. Ekitaldian hitzak sorkuntza prozesuetan duen garrantzia azpimarratu dute, nola antolatzaileek hala epaimahaiko kideek ere.

Imanol Lizardi eta Manu Urruzola herritarrek bertso bidez azaldu dute Somenaren Kabia Bekaren izatea. “Herniopeko mundu txiki hau” denen eskura dagoela adierazi dute eta nahi duen orori nahi duena patxadaz sortzeko deia egin diote. Hitzek herriko bi musikari gazteren laguntza izan dute. Izan ere, Shrabani Arantzabek pianoaz eta Martin Lizardik gitarraz saioa jantzi baitute.

Alkizako Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, artistek, hausnartu, sortu eta lan egiteko espazio bat sortu zuen duela lau urte. Egitasmo horrekin, arte-sormena, kultura bera, hirietatik eta Alkiza landa-eremuko sorgune moduan erreferentea izatea lortu nahi du ekimenak eta bide horretan beste urrats bat egin dute gaur.

Inaki Irazabalbeitia, Alkizako alkatearen hitzetan, “Sormenaren Kabia Beka adinez nagusia den edozein artistentzat irekita dago. Deialdian parte hartu dezakete eskultoreek, arotzek, harginek, margolariek, ilustratzaileek… baina, baita idazleek, gidoilariek, clownek, aktoreek, abeslariek … finean, sortzea eta natura maite duen orok izango du izena emateko aukera”.

Antolakuntzak urtero epaimahai bat osatzen du berariaz aurkeztutako proposamen guztien artetik bi aukeratzeko. Aurten, Jauregi eskultorearen alboan izango dira Susana Cencillo García, musikaria eta musika irakaslea; Mariasun Landa Etxebeste, idazlea eta Txiki Keixeta (Antonio Maria Agirre Garate), margolari eta eskultorea. Azken hori izan zen Bekaren lehen edizioko irabazleetako bat, Kimia Kamvari artista irandarrarekin batera.

Sormenaren Kabia proiektuari babesa emanez, ekitaldian izan dira herriko eragileak: Lete Nekazalturismoa, Inazio Urruzola Txakolindegia; Ekotalo, Alkizako Herri Ostatua eta Ur Mara Museoa

Izena emateko epea ekainaren 2tik uztailaren 5era bitartean egongo da irekita. Alkizako Udalaren webgunean (www.alkiza.eus) eta Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren webgunean (www.fagus-alkiza.eus) oinarriak ikusgai daude jada.

Sormenaren Kabia 2021 Bekak - Oinarriak (PDF)

Argazkiak: Jon Miranda (ATARIA)