Sormenaren Kabia beka eskuratu zuten iaz Uxue Juárez Gaztelu eta Ada Garrués Paularena artista iruindarrek. Alkizako egonaldian egindako lanak ezagutzera emateko aurkezpena egingo dute urtarrilaren 24an, Fagus Alkiza zentroan.
Alkizako Udalak, herriko eragileekin elkarlanean, artistek hausnartu, sortu eta lan egiteko proiektu bat sortu zuen 2018an: Sormenaren Kabia beka.
Antolakuntzak diziplina ezberdinetako profesionalez osatutako epaimahai bat osatzen du urtero. Koldobika Jauregi izan da epaileetako bat eta baita proiektuaren zutabeetako bat ere. Tamalez, baina, eskultorea ustekabean hil zen eta ondorioz, airean geratu dira Alkizako hainbat ekimen eta proiektu. Galera izugarria izan den arren, Alkizako Udalak erabaki zuen bekari eustea eta aurrera egitea.
Gauzak horrela, hurrengoak izan dira 2024ko Sormenaren Kabia bekako epaimahaikideak:
–Idoia Zabaleta: Azala sorkuntza espazioko zuzendari artistikoa.
–Miriam Loidi: 2023ko Sormenaren Kabia beka irabazi zuen artistetako bat.
–Txiki Keixeta: artista.
–Juan Kruz Igerabide: idazlea.
Proiektuak epaitzerakoan irizpide hauek izan dira aintzat hartu dituztenak:
-Proiektuaren kalitatea eta sormena.
-Bideragarritasuna eta udal azpiegituren lan espazioetara egokitzea.
-Berrikuntza eta originaltasuna.
-Alkizako herriari egiten dion ekarpena.
-Jasangarritasuna bermatzea.
-Hautagaiak proiektuan parte hartzeko azaldu duen interesa.
Proposamen guztiak aztertu ondoren, epaimahaiak erabaki zuen hautatuak Uxue Juárez Gaztelu eta Ada Garrués Paularena izatea.
Artistak irailetik abendura bitartean Alkizan izan dira eta urtarrilaren 24an jendaurrean aurkeztuko dute egindako lana. Uxue Juarezek egonaldian zehar idatzitako hainbat testu irakurriko ditu eta bere esperientzia zer nolakoa izan den azalduko die bertaratuei. Ada Garruesek berriz, bere bizipenak partekatzeaz gainera, Alkizan egindako lanekin erakusketa osatuko du. Garruesen mihiseak ikusgai egogo dira otsailaren 7ra arte Fagus Alkiza zentroan.
SORMENAREN KABIA 2024, EMAITZEN AURKEZPENA
NOIZ: urtarrilak 24, ostirala
NON: Fagus Alkiza zentroan
ORDUTEGIA: 19:00-20:00