IRAILAREN 19AN BISITA GIDATUA EGINGO DUGU ALKIZAKO PLAZATIK ABIATUTA

Alkiza Hernio mendiaren magalean dagoen landa-eremuko herri ederra da. Naturagune aparta izateaz gainera, ekologikoki balio handikoa da. Izan ere, Natura 2000 Sare europarraren baitan aitorturik dago eta 2012an Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu zuten.

Hernio-Gazumen Europar Batasunaren interesekoak diren espezieak daude. Esate baterako, harkaiztien gainean, dotore,  hegan ikusi daitezkeen hegazti sarraskijaleak. Alkiza sai arreen eta sai zurien bizi-tokia da eta zor diegun begirunez, eurengana gerturatuko gara.

Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak hegazti hauek hobeto ezagutzeko ibilbide gidatua egingo du. Hernio-Gazumen hiru hamarkadaz lanean ari den basozaina izango dugu bidelagun. Gidariak paraje hauek primeran ezagutzen ditu eta sai arre eta sai zurien inguruko hamaika bitxikeria azalduko dizkigu.

Bisita gidatua irailaren 19an (larunbata) egingo dugu. Alkizako Plazatik abiatuko gara goizeko 10:00etan eta bi ordu inguru iraungo ditu irteerak. Ibilbidearen zailtasun maila ertaina da, haurrekin egiteko modukoa da.

Bisitan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute kultura@alkiza.eus helbidera mezua bidalita. Aforoa mugatua da.

Alkizarrentzako eta 12 urtera arteko gazteentzako doakoa izango da irteera, eta gainerakoek 4 euro ordaindu beharko dute.

 

Oharra: koronabirusaren izurriteari aurre egiteko, osasun agintariek ezarritako protokoloak aplikatuko ditugu. Bisita egunean bertan bizi dugun egoeraren araberako protokoloa jarraituko dugu.