Datorren apirilaren 18an, larunbatarekin, natura zaleentzako hitzordu berezia izango da Alkizan: Hegan egiten duten erraldoiak Alkizan! Izeneko bisita gidatua. Jarduera 10:00etatik 13:00etara egingo da, eta aukera paregabea eskainiko du inguruko ondare natural aberatsa bertatik bertara ezagutzeko.
Alkiza, Hernio mendiaren magalean kokatutako landa-herria, balio ekologiko handiko naturagunea da. Izan ere, Hernio-Gazume Natura 2000 Sare europarraren baitan dago aitortuta, eta bertan Europako intereseko hainbat landare eta animalia espezie aurki daitezke. Harkaiztietan gora begiratuz gero, ohikoa izaten da sai arre eta sai zuriak dotore hegan ikustea.
Bisitan zehar, Javier Vazquez basozain ohiak hegazti sarraskijaleen inguruko azalpen eta bitxikeriak partekatuko ditu, bere esperientzia eta pasioan oinarrituta. Naturaz gozatzeko eta ikasteko aukera bikaina izango da.
Parte hartu nahi dutenek kontuan izan beharrekoak:
- Elkargunea: Alkizako plaza, 10:00etan (garaiz etortzea eskatzen da).
- Ibilbidea erraza da, nahiz eta aldapa batzuk igo beharko diren.
- Arropa eta oinetako erosoak eramatea gomendatzen da.
- Prismatikoak ekartzea ere aholkatzen da.
- Hizkuntza: euskaraz.
Prezioa 5 eurokoa izango da; Alkizan erroldatutakoek eta 12 urtetik beherakoek, berriz, doan parte hartu ahal izango dute. Ordainketa bertan egingo da, eskudirutan.
Izena emateko azken eguna apirilaren 17a, ostirala, izango da —edo plazak bete arte—. Gogoratu parte-hartzaile bakoitzak bere izen-ematea egin behar duela.
Informazio gehiago edo zalantzak argitzeko, deitu edo idatzi 688 604 466 zenbakira.
Animatu eta zatoz Alkizako harkaiztietako bizilagunak ezagutzera!
IZENA EMATEKO KLIKATU HEMEN





