“Gipuzkoako Fungi dibertsitatea” argazki erakusketak gure inguruko onddoen mundu askotariko eta ezezagunera gerturatzeko aukera eskaintzen du.
Onddoak basoetan, belardietan eta beste hainbat habitatetan aurki ditzakegu, baina askotan oharkabean igarotzen dira. “Gipuzkoako Fungi dibertsitatea” erakusketak begirada pausatzeko eta organismo horien aniztasunaz jabetzeko aukera eskaintzen du, argazkien bidez haien forma, tamaina, kolore eta habitat ugariak erakutsiz.
Joxepo Teres Izkierdo mikologoak prestatutako erakusketaren helburua Gipuzkoan aurki daitekeen onddoen dibertsitatea ezagutaraztea da. Teres Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia Saileko kidea da, eta urte luzez aritu da botanika eta mikologiaren inguruko ikerketa eta dibulgazio lanetan.
Erakusketan askotariko espezieak ikus daitezke: ohikoak eta ezagunak direnak, jangarriak direnak nahiz pozoitsuak, eta baita urriak edo zenbait erakunderen arabera babestuta dauden espezieak ere. Halaber, onddo likenizatuen eta myxomizeteen taldeko adibideak ere jasotzen ditu. Azken horiek, tradizionalki Fungi erreinuarekin lotu izan badira ere, gaur egun beste sailkapen taxonomiko batean kokatzen dira.
Erakusketak, beraz, onddoen munduari buruzko ikuspegi zabalagoa eskaintzen du eta gure lurraldeko biodibertsitatearen zati horri erreparatzeko aukera ematen du. Izan ere, Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia Sailak hamarkadak daramatza Euskal Herriko eta inguruko lurraldeetako onddoen inbentarioan lanean. Lan horri esker, Gipuzkoako onddoen ezagutza eta dokumentazioa nabarmen handitu dira.
“Gipuzkoako Fungi dibertsitatea” erakusketa aukera ederra da, beraz, ohiko paisaiari beste begirada batekin erreparatzeko eta gure inguruan, askotan begi hutsez ohartu gabe, dagoen dibertsitate biologikoa ezagutzeko. Erakusketa Alkizako udaletxeko azken solairuan, Ganbaran, ikusgai egongo da irailaren 11tik irailaren 25a bitartean. Astelehenetik ostiralera goizetan ikusgai egongo da 09:00-12.30 bitartean eta arratsaldeetan ikusteko, berriz, jarri harremanetan 688 604 466 zenbakira deituta edo idatzita.
Onddon mundua hobeto ezagutzeko, bestalde, Joxepo Teresek bisita gidatua egingo du irailaren 13an. Informazio gehiago hemen
“Gipuzkoako Fungi dibertsitatea” erakusketa
Irailak 11-Irailak 25
Alkizako udaletxeko Ganbaran





