Ur mara Museoak, Sormenaren Kabia proiektuaren baitan eta Aldundiaren laguntzarekin, artea, zientzia eta natura uztartuko dituzten egonaldiak eskainiko ditu estreinakoz aurtengo udaran.

Zientzia eta naturari lotutako esperimentazio eta prestakuntza artistikorako egoitzak izango dira Ur mara Museoan burutuko direnak. Koldobika Jauregi eta Elena Cajaraville, museoaren sortzaileak, izango dira parte-hartzaileen bidelagunak. Astebeteko iraupena izango duten hiru egonaldi desberdin egingo dira eta bakoitzean gai zehatz bat landuko dute. Hausnarketa eta sorkuntza-prozesuetan sakontzeko, hainbat zientzia alorretako adituen saio teoriko eta praktikoak jasoko dituzte parte-hartzaileek.

Ekimena komunikabideen aurrean aurkeztu dute Maria Jose Telleriak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendari Nagusiak; Koldobika Jauregik, Ur mara Museoko zuzendariak eta Inaki Irazabalbeitiak, Alkizako alkateak.

Ekitaldiaren hasieran Telleriak adierazi duenez, “Gipuzkoako Foru Aldundiarentzako pozgarria da pandemia garai hauetan proiektu kultural berri bat martxan jartzeko aukera izatea. Kulturak inoiz baino beharrezkoagoa du erakundeon laguntza eta uste dugu sorkutza artistikoa gizarteratu nahi duten ekimenak babestea garrantzitsua dela”.

Sormenaren Kabia Egonaldiak erakunde publiko eta pribatuen elkarlanari esker sortu dira. Izan ere, Ur mara Museoa eta Alkizako Udala elkar hartuta doaz eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izango du ekimenak.

Inaki Irazabalbeitiak, Alkizako alkateak, Foru erakundeak proiektuarengan jarri duen konfiantza eskertu nahi izan du: “Aldundiak Sormenaren Kabia Egonaldien aldeko apustua egin du eta hori benetan eskertzeko da. Gipuzkoako eskaintza kulturala aberastu nahi duen proiektua da gurea eta aurrera eramateko ezinbestekoa zaigu instituzioen laguntza”.

Herri proiektu baten emaitza dira Sormenaren Kabia Egonaldiak

Alkizako alkateak azaldu duenez, Alkizako Udalak, herritarrekin eta herriko eragileekin batera, gogoeta prozesu luze bat gauzatu zuen herriaren etorkizunak nondik norakoa izan behar zuen definitzeko.

Prozesu hartatik sortu zen Fagus Alkiza Herri Proiektua. Hiru dira bere zutabeak: natura, gizakia eta bi horien arteko harremanetik sortzen den kultura. Azken horri lotuta sortu zen, hain zuzen ere, Sormenaren Kabia Beka 2018an.

“Orain, Ur mara Museoaren gidaritzapean eta Aldundiaren laguntzarekin, Sormenaren Kabia Egonaldiak” egingo dituztela iragarri du Irazabalbeitiak.

Artea, zientzia eta natura uztartuko dituen esperientzia

Koldobika Jauregi eta Elena Cajaraville artistak izango dira Sormenaren Kabia Egonaldietako parte-hartzaileen tutoreak. Ikasleei euren sormen prozesuan lagunduko diete, bakarka zein taldean ere.

Jauregik, egonaldi bakoitzean gai bat landuko dela eta aurtengoak materia, paisaia eta espazioa izango direla zehaztu du. Eskultorearen hitzetan, “Ur mara jakin-mina duen eta esperimentatu nahi duten pertsonentzako laborategi moduko bat” izango da.

Sormenaren Kabia Egonaldietan hainbat zientzia esparrutako adituek ere parte hartuko dutela aditzera eman dute antolatzaileek. Lehenengo ekitaldian, esate baterako, Ana Galarraga zientzia-dibulgatzailea, Itziar Garate astrofisikaria eta Arantza Aranburu geologoa gonbidatu dituzte. Horien laguntzaz aukeratutako gaiaren inguruan, hausnarketa eta sorkuntza-prozesuan sakontzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.

Artista alkizarrak, bestalde, jakinarazi du Juan Barbé papergile artisauak ere Egonaldietan saio teoriko eta praktikoak eskainiko dituela. Barbé Ur mara Museoak bere ibilbidean zehar sortu duen familiako kideetako bat da.

Bertaratutakoek aukera izan dute Unai Sorarrain bideogile alkizarrak egindako lana ikusteko. Ikus-entzunezkoak Alkizako paisaia ederraketa Ur mara Museoko txokoak erakusteaz gain, Sormenaren Kabia Egonaldien esentzia zein izango den argi adierazten du musika eta irudi bidez. Eskultoreak, ikusitako irudiei aipamena eginez, azpimarratu nahi izan du pandemiak eragindako garai trumoitsu hauetan, “aire-zabaleran lan egiteko aukera paregabea” izango dutela ikasleek.

Irekita dago izena emateko epea

Egonaldietan parte hartu dezake adinez nagusia den eta interesaduen edonork. Artea, natura eta erronka berriak maite dituzten pertsonentzat sekulako gozamena izango dela nabarmendu dute antolatzaileek.

Izena emateko epea irekita dago jada eta plaza guztiak agortu arteizango da inskribatzeko aukera. Edonola ere, izen-ematea ekainaren 25 baino lehenago egin beharko da.

Sormenaren Kabia Egonaldietan parte hartu nahi dutenek, Alkizan bertan ostatu hartzeko hainbat aukera izango dituzte. Ekimenari buruzko xehetasun guztiak www.fagus-alkiza.eus atarian eskuragarri daude.

Donostia, 2021eko maiatzaren 25a

Egonaldiei buruzko informazio gehiago eta izen-emateaEgonaldien aurkezpen dossierra (PDF)

OHARRA

Fagus Alkiza interpretazio zentroa 2025eko udaberrira arte
itxita egongo da
toki aldaketagatik.

Dena den, bertan antolatzen diren jarduerek martxan segiko dute.

Barkatu eragozpenak.