Alkizak Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartuko du aurten ere. Hurbilen dugun ondarea herritarrengana gerturatzeko asmoarekin sortu ziren jardunaldi hauek eta Alkizak ere bere aletxoa jarri nahi izan du.

Mendeen joan etorrian gizakiak garaian-garaiko egoerara moldatu behar izan du, ondorioz, hainbat ogibide eta usadio desagertu egin dira.

Alkizan baserrien errentaren osagarri garrantzitsua izan zen egur-ikatza. Hura salduaz etxean ekoizten ez ziren gauzak erosteko dirua lortzen zen. Bestalde, karea egiteko ere nahitaezkoa zen. Hala, ia baserri guztiek zuten euren karobia. Alabaina,  usadio horiek aspaldian alboratu ziren.

Langintza horiek ezagutzeko, bisita gidatua egingo dugu Alkizan urriaren 24an. Goizeko 10:00etan herriko plazatik abiatuko gara eta Alkizako baserri paisaian barna ibiliko gara. Aforoa mugatua denez, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Ibilbidean zehar, osasun eta higiene neurriak bete beharko dira. Hala nola, maskara eramatea derrigorrezkoa izango da eta segurtasun distantziak errespetatuko dira.

 

IBILBIDE GIDATUA: “GALDUTAKO USADIOAK  AHAZTU EZ DAITEZEN, KONTA DEZAGUN ONDAREA”

NOIZ: urriak 24, larunbata.

NON: Alkizako plazatik abiatuta

ORDUA. goizeko 10:00etan. Gutxi gora behera 2,5 orduko iraupena izango du.

IZENA EMATEKO: deitu edo bidali mezu bat 688 604 466 zenbakira. Nahiago baduzu, idatzi emaila kultura@alkiza.eus helbidera.

PREZIOA: alkizarrentzat eta 12 urtetik beherakoentzat dohainik. Gainerakoek 4 € ordaindu beharko dute egunean bertan.