Ibilbide gidatuak, hitzaldiak eta dibulgazio jardunaldi berritzailea izango dira aurten
Fagus Alkiza interpretazio zentroak 2025eko programazioa prest du dagoeneko. Aurten ere, hilero gutxienez ibilbide gidatu bat edo hitzaldi tematiko bat eskainiko du, ingurumenarekiko ezagutza sustatu eta gizartea gaiaren aurrean sentsibilizatzeko helburuarekin.
Lehenengo bisita: txorien kantuak identifikatzeko saioa
Ingurumen gaiekin zerikusia duen lehenengo bisita apirilaren 12an izango da, Mikel Olano basozainaren eskutik. Txorien kantuak identifikatzen ikasteko saio teoriko-praktikoa izango da, eta izena emateko epea dagoeneko irekita dago.
Mikel Olanok 35 urte baino gehiagoko esperientzia du Gipuzkoako Foru Aldundiko basozain gisa, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia saileko kide ere bada.
Urriko dibulgazio jardunaldi berritzailea
Aurtengo nobedade nagusietako bat urrirako aurreikusitako dibulgazio jardunaldia da. Lehen aldiz, Fagus Alkizak formatu horretako ekitaldi bat antolatuko du, eta xehetasunak aurrerago emango ditu.
Fagus Alkiza interpretazio zentroari buruz
Fagus Alkiza interpretazio zentroa Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuaren erakusleihoa da. Zentroak hiru ardatz nagusiren arabera antolatzen ditu bere jarduerak: natura, bertan jarduten duen gizakia eta bi horien arteko harremanetatik sortzen den kultura.
Fagus Alkiza Interpretazio Zentroa 2013an jarri zen martxan, Alkizako udaletxearen 2.solairuan. Alkizako Udalak, 2020an, zentroa Erretore-etxeko ganbarara lekualdatzea erabaki zuen, ingurumenaren ezagutza eta kontzientziazioa areagotzeko aukera gehiago eskainiko zituen espazio egokiago bat izateko. Alkizako Udalak zentroa berria udararako martxan izatea aurreikusten du.
Zentro berriak ingurumen-hezkuntza indartzeko hiru atal esanguratsu izango ditu: urmaelaren espazioa, ekosistemaren dinamika hobeto ulertzeko; gizakiaren eraginari buruzko gunea, ingurumenaren kudeaketaren garrantziaz jabetzeko; eta Sormenaren Kabia bekari eskainitakoa, naturarekin harremanetan sortutako arte-lanak erakusteko.
Programazio osoa eta izen-emateak
Programazio osoa eta izena emateko informazioa Fagus Alkizako webgunean aurki daiteke HEMEN