Arri Zugarramurdi Andoainen hazi eta hezi zen gaztea Arritxu bezala ezagunagoa da, bereziki Aita Larramendi ikastolan ikaskide izan zituenen artean. Tolosan finkatuta, argazkilaritza du ogibide. Himalayan aurkitu dituen paisaia eta pertsonekin txundituta, erakusketa zabaldu du Alkizan.

“Himalaya” izena ipini dio bere lehen argazki-erakusketari. Arri Zugarramurdi (1981) andoaindarra Tolosan bizi da, bertan baitauka argazkilaritzara bideratutako negozioa. Objektiboa gustu handiz kokatzearen poderioz, instantea hilezkor bilakatzea ogibide bilakatu zaio. Beti, hori bai, besteentzat lan eginez. Enkarguzko lanak egitera ohituta dago ezkonberriekin, jaioberriekin edota jaunartzea egin dutenekin. Pasioz bizi du ogibidea: “Zazpi urte dira estudioa zabaldu nuenetik. Besteentzat lan egiten dugu, argazkilari estudio gehienetan bezalaxe. Langintza horretan badakit zer egin behar dudan, bezeroarentzat lan egitea erraza zait. Nire sorkuntza lana erakustea, ordea, kosta egin zait. Nire baitarako eta, gehienez ere, lankideentzako edota lagunentzako gordetzen ditut. Ez dut orain arte ikusgai ipintzeko behar hori sentitu, eta uste dut horrelakorik ere ez nuela egin nahi. Baina zerbait aldatu da nigan, eta Fagus Alkiza Interpretazio Zentrokoek proposamena luzatu zidatenean baiezkoa erantzutea erabaki nuen”. Zerbait aldatu zen, bada, bere baitan. Eta gakoa 2017ko neguan aurki daiteke, Himalayako zortzimilakoen magalean egonaldia egitea erabaki zuenean.

Arte eta kultur kabia mendi magalean

Fagus Alkiza Interpretazio Zentroa, udaletxeko goiko solairuan dago. Hernio-Gazumeko inguruak ezagutarazteko helburuarekin sortu zen 2013an. Egun hauetan, Arri Zugarramurdiren erakusketaz gozatzeko aukera eskaintzen du. Argazkia da oinarria, baina ikus-entzunezkoak ere badira. Bereziki, Himalayako mendilerroan barrena helikopterotik egindako bideo grabaketa ikusgarria.

Erakusketa astelehenetik ostiralera zabalik dago, 16:00tik 18:30era. Otsailaren 9an, larunbatarekin, 10:00etik 13:00ra zabalduko dute. Taldean bisitaldia egiteko aukera badago, beti ere aurrez telefonoz deituta (688 604 466, www.fagus-alkiza.eus).

Urteekin, Alkizako kultur egitasmoa osatuz eta aberastuz joan da. 2018a, esaterako, oparoa izan zen. Alde batetik, hitzaldi eta jarduera ezberdinen bitartez, Natura&Artea ingurumena eta artea uztartzen zituen jardunaldiak antolatu zituzten. Eta, bestetik, Sormenaren kabia egitasmoa abiarazi zuten. Euren hitzetan,  kultura eta ezagutzak elkarbanatzeko, ikerketarako eta zabalkunderako gune izateko xedearekin jaio da kabia. Artearen sorkuntza gizarteratzeko tresna izan nahi du, Gipuzkoa osorako”. Lehen edizioan parte hartzeko deialdian, 23 proiektu jaso zituzten, aurreikuspen guztiak gaindituz. Hautagai guztien artean bakarra aukeratzeko asmoa bazuten ere, “finalera iritsitako bi lanen maila ona ikusita, azkenik, Sormenaren Kabia Artistentzako Egonaldien lehen edizioan, bi artistek parte hartu dute. Epaimahaiak, Kimia Kamvari eta Txiki Keixeta artistei ex aequo beka bana ematea erabaki zuen”.

Joan zen azaroaren 21ean, bi artisten inguruan egindako ikus-entzunezkoa eskaini zuten. Unai Sorarrain bideogileak bi artisten sortze prozesuarekin bideoa ekoiztu zuen.

Iturria (AIURRI): http://aiurri.eus/Eskualdea/Albisteak/20190128/Bizitzarekiko_ikuspegia_aldatu_zion_bidaia-sorta_