Telmo Esnalen Dantza filma ikusteko aukera izango da Alkizan ekainaren 22an. Proiekzioaren ostean, pelikulan ezinbestekoak izan diren hainbat lagunek solasaldia eskainiko dute.

Dantzen bidez herri laborari baten historia unibertsala kontatzen du Telmo Esnalen filmak eta euskal dantzei esentzia berri bat emanez, dantza tradizionalarekin pelikula garaikide bat sortu du.

Koldobika Jauregi eskultore alkizarrak dantzarekin zerikusia duen zerbait sortzea proposatu zion Telmo Esnal dantzari eta zinemagileari. Hala, apurka-apurka, mimoz eta pazientziaz, urtetako lanari esker ondu dute Dantza.

Nondik gatozen eta nora goazen azaltzen digu filmak, eta, horretarako, ezinbestekoa izan da Juan Antonio Urbeltz historialari eta koreografoaren parte-hartzea. Urbeltzek dantzen atzean dagoen sinbologia zein den argitu dio lantaldeari eta filmaren grabaketan dantza eginez ere parte hartu du.

Hitz bakarra erabiliz, soinu bikainarekin, lokalizazio apartekin, estetika magiko batekin eta dantzari bikainekin, filma benetan ikusgarria osatu dute Telmo Esnalek eta bere lantaldeak. Elena Carajaraville zuzendari artistikoa eta Koldobika Jauregi produkzio diseinatzailea arduratu dira filmaren unibertso estetikoa sortzeaz, eta, emaitza bikaina izan da. Esate baterako, jantzi guztiek dute euren esanahia, euren sinbologia, detaile guztiak zaindu dituzte.

Dantza Euskal Herriko eta atzerriko hainbat zinema aretotan ikusgai izan da eta ekainaren 22an Alkizara iritsiko da. Fagus Alkiza Interpretazio Zentroan filma proiektatzeaz gainera, pelikulan parte hartu duten hainbat lagunek solasaldia eskainiko dute ondoren. Interpretazio Zentroan egunotan ikusgai dugu “Kameren aurrean dantzari: Dantza filmeko argazki sorta bat”, Xabier Artola Zubillagak filmaren grabaketa saioetan ateratako argazkiekin osatu duen erakusketa dotorea. Hortaz, Alkizako ekitaldia bikaina izango da.

Dantza filmak dantzaz eta bizitzaz, gure historiaz eta historia unibertsalaz dioena ikusi eta ulertu nahi baduzu, Alkizan aukera aparta izango duzu ekainaren 22an. Telmo Esnal zuzendariaz gainera, ekitaldian izango dira Juan Antonio Urbeltz, Elena Cajaraville, Iñaki Arregi, Koldobika Jauregi eta Xabier Artola. Aretoko tokia mugatua denez, ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea.

Ekainaren 22an Alkizan elkar ikusiko dugulakoan, mila esker zure arretagatik eta ondo izan.

“DANTZA: HERRI LABORARI BATEN HISTORIA UNIBERTSALA” SOLASALDIA ALKIZAN

  • Noiz: ekainaren 22an, larunbata.
  • Ordua: filma 18:00tan proiektatuko dugu eta ondoren hasiko da solasaldia.
  • Non: Fagus Alkiza Interpretazio Zentroan, Alkizan (Gipuzkoa)
  • Parte-hartzaileak:
    • Telmo Esnal: Dantza filmeko zuzendaria.
    • Juan Antonio Urbeltz: historialaria eta koreografoa.
    • Elena Carajaville: Dantzako zuzendari artistikoa.
    • Koldobika Jauregi: Dantzako produkzio diseinatzailea.
    • Xabier Artola: “Kameren aurrean dantzari: Dantza filmeko argazki sorta bat” erakusketaren egilea.
  • Ekitaldia Iñaki Arregi dantza maisuak bideratuko du.
  • Prezioa: tokia mugatua denez, izena emandakoek 2 € ordaindu beharko dituzte ekitaldira sartzerakoan.
  • Izena emateko: bidali mezu bat zure izen-abizen eta telefono zenbakiarekin kultura@alkiza.eus helbidera edo deitu 688 604 466 telefono zenbakira.
  • Izena emateko epea: ekainaren 17a azken eguna.
  • Oharra: filma behar bezala ikusteko eta solasaldiaz gozatzeko ekitaldira haurrik gabe joatea aholkatzen da.