Aste Santuko opor egunak gure inguruko altxorrak ezagutzeko primerakoak dira. Horregatik, Fagus Alkiza interpretazio-zentroak, Ur mara museoarekin elkarlanean, hainbat ekitaldi antolatu ditu. Hona hemen egitaraua: 

ALKIZAKO BASERRI PAISAIA EZAGUTZEKO LANTEGI IBILTARIA

Inguratzen gaituen paisaia ez da bere kasa sortu, ez da erabat naturala. Belardi, soro, baratza, baso eta larre horiek sortzeko eta mantentzeko baserritarren urteetako esfortzua ezinbestekoa izan da.

​Baserri paisaien eraikuntzan gure arbasoek izan duten eragina eta garrantzia ezagutzera emateko tailer ibiltaria eskainiko du  Fagus Alkiza interpretazio-zentroak:

NOIZ: apirilak 3, larunbata.
NON: ibilbide hilerri ondoko aparkalekutik abiatuko da goizeko 10:00etan.
PREZIOA: alkizarrek eta 12 urtez azpikoek doan, gainerakoek 5 -€ ordaindu beharko dituzte.
HIZKUNTZA: ibilbidea euskaraz egingo da.

Bidea erraz egiteko modukoa da eta irteera bi ordu eta erdi ingurukoa izatea aurreikusten da.

 

“KOINOBORI” HAIZE-ARRAINEN SORKUNTZA TAILERRA Ur mara museoan

Kultura japoniarrean karpak oso miretsiak dira korrontearen aurka igeri egiteko erakusten duten indarragatik, osasun onaren adierazgarri eta umeen hazkuntzaren pizgarri. Tailer honetan gure haize-arrain propioa gauzatuko dugu; oihal koloretsu, pintura, joskintza eta abarrez baliatuz. Haur zein helduentzat primerako goiz pasa izango da.

NOIZ: apirilak 11, igandea.
NON: Alkizako Ur mara museoan.
ORDUA: 10:00etatik 13:00tara.
PREZIOA: 5-€ parte-hartzaile bakoitzak.
HIZKUNTZA: lantegia euskaraz egingo da.
OHARRAK

Parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Horretarako bidali emaila kultura@alkiza.eus helbidera edo bidali whatsappa 688 604 466 zenbakira. Ordainketa bertan egingo da.