Sormenari denbora eta lekua eskaintzeko helburuz, Alkizako Udalak abian jarri du Sormenaren Kabia bekaren 2026ko deialdia. Gaurtik aurrera, interesa duten sortzaileek euren proposamenak aurkezteko aukera dute, eta izena emateko epea maiatzaren 27ra arte egongo da zabalik.

Alkiza, Hernio mendiaren magalean eta Natura 2000 Sarearen barruan kokatua, sorkuntzarako ingurune paregabea da. Paisaia naturalak eta herriaren lasaitasunak eguneroko erritmotik aldentzeko eta sormen-prozesuan sakontzeko aukera ematen dute, testuingurua bera lanaren parte bihurtuz.

Deialdia arte diziplina guztietara irekita dago, eta adin nagusiko sortzaileek —banaka zein taldean— parte har dezakete. Aurkeztutako proiektuek jatorrizkoak izan beharko dute, eta ezin izango dira aurrez argitaratu edo sarituak izan.

Bekaren bidez, hautatutako proiektuak 1.800 euroko diru-laguntza jasoko du, eta hiru asteko egonaldia egingo du Alkizan, 2026ko iraila eta abendua bitartean. Egonaldian zehar, artistak udalaren azpiegiturak eta baliabideak izango ditu eskura, baita sormen-prozesuan laguntza eta aholkularitza ere.

Proiektuak ebaluatzeko, diziplina anitzeko epaimahaia osatu da, honako kide hauekin: Elena Cajaraville Ordoñana (artista eta Ur mara museoko zuzendaria), Rita Unzurrunzaga Schmitz (Ekain Artelanak galeriako zuzendaria) eta Sofia Arostegi Parra (arte historialaria eta kudeatzailea). Epaimahaiak, besteak beste, proiektuaren kalitatea eta originaltasuna, ibilbide artistikoa, bideragarritasuna eta Alkizako testuinguruarekiko lotura baloratuko ditu.

Hautaketa-prozesua bi fasetan egingo da: lehenik, aurkeztutako proiektuen balorazio dokumentala, eta, beharrezkoa bada, bigarren fase batean hautagaiekin elkarrizketak.

Sormenaren Kabia ekimenak sorkuntza artistikoa sustatzeaz gain, landa-eremuek kultur garapenerako duten ahalmena agerian jarri nahi du, sortzaileen eta tokiko komunitatearen arteko loturak indartuz. 2026ko edizio honetan, gainera, BERRIA egunkariaren babes berezia izango du, proiektuaren zabalkundea eta ikusgarritasuna handitzeko.

Deskargatu PRENTSA OHARRA HEMEN: PRENTSA OHARRA (PDF)

Deskargartu OINARRIAK HEMEN: OINARRIAK SK 2026 (PDF)

Izena emateko epea: 2026ko apirilaren 27tik maiatzaren 27ra (bi egunak barne)
Harremanetarako: sormenarenkabia@gmail.com | 688 604 466