Asteburuan egindako ekitaldiek herritarrak, ikasle ohiak, irakasleak eta urte hauetan guztietan barnetegiarekin lotutako hainbat lagun elkartu dituzte

Alkizako Udalak euskara barnetegiaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldiak egin ditu asteburuan, “Alkiza, katebegi bat euskalduntzearen bidean” lelopean. Bi egunetan zehar, barnetegiak Alkizan utzitako arrastoa gogoratu eta ospatzeko aukera izan dugu, eta ekitaldiek harrera ona izan dute.

Ostiral arratsaldean, Garbiñe Ubedak idatzitako Alkiza, katebegi bat euskalduntzearen bidean liburua aurkeztu zen, eta ondoren Alkizako barnetegia. 1976-2026 dokumentala proiektatu zen. Liburuak barnetegiaren hiru etapak jasotzen ditu, eta urte hauetan guztietan protagonistek bizitako esperientziak, harremanak eta oroitzapenak biltzen ditu. 

Ekitaldia berezia izan zen, besteak beste, liburuaren eta dokumentalaren protagonistetako asko elkartu zirelako. Urte askoren ondoren berriz elkartzeko aukera izan zuten, eta elkarren artean anekdotak eta bizipenak partekatuz, une ederrak eta hunkigarriak bizi izan genituen Ganbaran. Barnetegiak urte hauetan guztietan sortutako harreman eta loturen erakusgarri izan zen ostiraleko arratsaldea.

Larunbatean, berriz, jai giroak hartu zuen herria. Goizean, Irune Arrizubietak gidatutako dantza saio herrikoian, Alkizako eta beste herri batzuetako dantzariak bildu ziren plazan, eta giro ederra sortu zen. Arratsaldean, berriz, Txondor Plaza antzezlana izan genuen ikusgai. Haurrek zein helduek gozatu zuten emankizunarekin, eta publikoak gustura jarraitu zuen antzezlanaren ibilbidea.

50 urteko ibilbideak erakutsi du barnetegiak garrantzi handia izan duela Alkizaren eta euskararen historian. 1976an lehen euskara ikasleak iritsi zirenetik, hainbat belaunalditako ikasle, irakasle, herritar eta langilek osatu dute historia hori.

Alkizako Udalak eskerrak eman nahi dizkie urteurreneko ospakizunetan parte hartu duten guztiei, baita bost hamarkadatan barnetegiaren historia osatu duten pertsona guztiei ere. Haien lekukotza eta bizipenei esker, memoria hori berreskuratu eta etorkizuneko belaunaldiei helarazteko aukera izango dugu.

 

“Alkiza, katebegi bat euskalduntzearen bidean” liburua deskargatu dezakezu BARNETEGIA LIBURUA

“Alkizako Barnetegia, 1976-2026” dokumentala ikusgai hemen