Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuan egiten ari den lanengatik 47.500 euroko diru-laguntza jaso du Alkizako Udalak. Eusko Jaurlaritzak eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsek (EGEFek) emandako laguntza hauen xedea garapen jasangarriaren aldeko ekintzak sustatzea da; Alkizako Udala Hernio-Gazumeko habitat naturalen egoera hobetzeko buru-belarri lanean ari da eta hainbat esku-hartze burutu ditu jada.
Alkizako lurren gehiengoa Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuaren (BKEren) baitan kokaturik dago. Ingurune hau, ederra izateaz gainera, Europako Natura 2000 Sare ekologikoaren baitan aitortuta dago, izan ere, naturagune honek, balio ekologiko handia baitu. Eremu honetan Europa mailan babestuta dauden hainbat landare eta animalia espezie (intsektu deskonposatzaileak, kiropteroak eta hegazki sarraskijaleak) eta hauen bizitokiak edota habitatak (kobak eta kabidade karstikoak, basoak eta larreak) daude.
Bioaniztasunaren aldeko apustu argia egin du Alkizak eta bide horretan, Udalak zenbait lan eginak ditu jada. Izan ere, Hernio-Gazume KBEren Kudeaketa Planean aktiboki parte hartzea erabaki baitzuen. Esate baterako, pagadien egoera hobetzeko asmoz, basoetako soilguneak handitu ditu eta hildako egurraren kantitatea gehitu du. Halaber, heskai edo hesi biziak sortzeko xedearekin, hainbat zuhaixka landatu ditu herriko zenbait larretan. Esku-hartze honi esker, ekotonoak, hau da, belardien eta basoen arteko trantsiziorako bizitokiak edo habitatak sortu dira. Hauek zenbait organismok bizirik irauteko ezinbestekoak dira.
Hernio-Gazume KBEren Kudeaketa Planak jasotzen duenez, eremu honetan bizi diren intsektu saproxilikoak (usteltzen ari den egur hilaz elikatzen direnak) eta kiropteroak edo saguzarrak babestu beharreko espezieak dira, mehatxatutako espezieak baitira. Basoek izan duten ustiaketa intentsiboaren eraginez, hauen egitura sinplea da: zuhaitz espezie desberdin gutxi daude eta denak dira adin bertsukoak. Ondorioz, intsektu saproxilikoek eta kiropteroek ez dute behar adina babesleku eta elikagai. Gabezia hauei aurre egiteko, Alkizako Udalak, besteak beste, apropos saguzarrentzako egokitutako hainbat habia-kutxa ezarri ditu zuhaitzetan.
Egindako esku-hartzeei esker, Eusko Jaurlaritza eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsen bidez, 47.500 €ko diru-laguntza jaso du Alkizako Udalak. Babes ekonomiko honek garapen jasangarriaren aldeko ekintzak egiten jarraitzea ahalbidetuko dio Alkizari.