Alkizako basoen magalean, sormenak bere tokia egin du berriro ere. Sormenaren Kabia bekaren 8. edizioan, bi artista hautatu dira 2025eko egonaldirako: Camile Duhart Dode eta Luzía Pedregal Llerandi. Azken honek talentu berrientzako beka jaso du, 18-35 urte bitarteko sortzaile gazteei zuzendua.

Epaimahaia Elena Cajaraville Ordoñanak (Ur Mara museoko arduraduna), Txiki Agirrek “Keixeta” (margolari eta eskultorea) eta Zaloa Ipina Bidaurrazagak (artista plastikoa) osatu dute. Hautaketa prozesuan kalitatea, berrikuntza, ibilbidea, konpromisoa, jasangarritasuna eta herriari egiten zaion ekarpena baloratu dituzte.

Camile Duhart – Babesleku: Visual Refuge

Camile Duhart artista bisuala da eta bere lanak artea, teknologia eta natura uztartzen ditu ikus-entzunezko instalazio esperimentaletan. Alkizan gauzatuko duen Babesleku: Visual Refuge proiektuan, eskultura biodegradagarri bat eta bideoartea batuko dira, inguruko elementuekin sortutako mapping baten bidez: goroldioaren testurak, basoko soinuak, argiak… Artelan honek ikusgarria eta ikusezina konektatuko ditu, paisaiaren zentzumen-esperientzia bat sortuz. Sorkuntza-lan poetiko eta ekologikoa, gizatiarraren eta ez-gizatiarraren arteko zubi.

Luzía Pedregal – Bosque Encantado

Asturiarra jaiotzez baina mundu onirikoetan murgilduta dabil Luzía Pedregal. Bere Bosque Encantado proiektuak pintura, eszena eta espiritualtasuna uztartzen ditu, eta ikusleei gonbidapena egiten die baso ezkutu batean sartzeko. Obra bakoitza “portal” bat da, mundu ikusezinetarako sarrera. Kolorearen bidez, intuizioaren bidez, Alkizako natura eta mitologiaz elikatzen den unibertso bat eraikiko du. Irudimena, jolasa eta zentzumenak uztartzen dituen esperientzia izango da, herriko komunitatearekin partekatzeko.

Bi artistak Alkizan izango dira egonaldi artistikoa garatzen, irailetik azarora bitartean, hiru asteko tarte banatan. Astebetez, elkarrekin aritzeko aukera ere izango dute, elkarren sormen-prozesuak elikatuz eta diziplinarteko begiradak gurutzatuz. Egonaldi horietan zehar, herritarrekin partekatzeko hainbat tailer ere antolatuko dira, artea gertutik bizitzeko aukera emanez. Jarduera hauek irekita egongo dira herritar guztientzat, eta parte hartu nahi duen oro gonbidatuta dago alkizarren eta artisten arteko topaketa bizi eta sortzaile horietan murgiltzera.

Sormenaren Kabia beka Alkizako Udalak sortu zuen 2018an, Koldobika Jauregiren gidaritzapean. Proiektuaren bultzatzaileak dira: Fagus Alkiza interpretazio-zentroa, Lete Apartamentuak, Alkizako Herri Ostatua, Inazio Urruzola Txakolindegia, Ekotalo eta Ur mara museoa. Sormenaren Kabia landa-ingurunean kultur sorkuntza sustatzeko apustu sendoa da.