Bost urte igaro dira Hernio-Gazume ofizialki Kontserbazio Bereziko Gune izendatu zutenetik eta Fagus Alkiza Interpretazio Zentroa martxan jarri zenetik.

Alkiza aparteko ingurune natural batean kokaturik dago. Bertan bizi direnek,  aurreko belaunaldiek ingurunearekiko harremana ulertu eta bizitzeko zuten modu bereziari esker, arbasoengantik oinordetzan jaso duten ondare natural paregabea estimatu eta zaintzeko aukeratu dute.

Udalak eta alkizarrek, herriko zein eskualdeko zenbait eragilerekin batera,  10 urte daramatzate naturaren eta gizakiaren arteko harremanaz gogoeta egiten eta urte gutxiren buruan erabateko dependentziatik ia guztizko axolagabetasunera igaro den lotura berreskuratu eta indartzeko lanean.

Bere sorreratik, FAGUS-ALKIZA Hernio-Gazumek eskaintzen digun aberastasun naturala eta kulturala ezagutzeko eta bioaniztasunaren aldeko ekimen eta ekintza desberdinak abian jarri diren tokia izan da.

Urte hauetan egindako lanaren emaitzak ezagutzera emateko, Alkizako Udalak herritar guztiei irekitako ekitaldien egitaraua antolatu du. Egitaraua irailaren 21 eta 22an gauzatuko da  Donostiako Aquariumean eta Alkizan.

SOLASALDIA
Bioaniztasunaren alde egindako tokiko ekarpen baten adibidea
Irailak 21, ostirala, 19:00-tan
Donostiako Aquarium-ean

Parte hartzaileak

Jon Umerez (Alkizako alkatea)
Jorge González (Naturtzaindia)
Joaquín Araújo (Idazlea eta naturalista)
Jordi Sargatal (Naturalista eta ingurumen dibulgatzailea)

Aurkezlea: Aitor Elduaien

BISITA GIDATUA
Irailak 22, larunbata, 11:00-tan

FAGUS Alkizara bisita gidatua eta Naturtzaindia elkarteak herrian gauzatu dituen esku-hartzeak ezagutzeko ibilaldia. Naturtzaindiako kideak izango dira ibilbideko gidariak eta Joaquin Araújok eta Jordi Sargatalek ere parte hartuko dute.


Ekitaldien argazkiak: https://www.flickr.com/photos/123493220@N06/albums/72157700104296991