“Iritsi da ostirala”, dio abestiak. Ostiralak berez dira bereziak, eta Alkizako Eskolan, are bereziagoak. Haur Hezkuntzako hemeretzi umeak (2-6 urte) basora joaten dira, ostiralero, Baso Eskola metodologiari jarraituz. “Gutxitan gelditu behar izan dugu gelan; normalean, euria, elurra, beroa, hotza… berdin zaio: basora joaten gara. Umeen segurtasuna bermatzea, hori da muga bakarra”, azaldu du Jone Zuaznabar HHko irakasleak. Ez dago eguraldi txarrik, arropa desegokia baizik, Norvegiako esaera zahar batek dioenez. “Eta Alkizan kasu egiten diogu horri”, gehitu du Ana Hernandezek, HHko beste irakasleak.

Kutxa Ekoguneak eman zien Alkizako umeei arropa egokia, baita eskolari berari Baso Eskola martxan jartzeko prestakuntza, laguntza eta babesa ere. Izan ere, Ekogunean urteak zeramatzaten gaiari bueltaka. “Aspaldi ikusi genuen eredu hori asko ari zela zabaltzen Europa iparraldean, eta Alemanian ere bai —mila eskola baino gehiago daude, eta homologatuak dira gehienak—. Eta planteamendua geure egitea erabaki genuen”, azaldu du Kakun Orbegozo Ekoguneko Baso Eskola proiektuaren koordinatzaileak.

Bost ikastetxeri egin zieten proposamena, eta “bik eutsi zioten amuari”: Donostiako Amara Berrik eta Hernaniko Langilek. Langilen, 4 urteko hiru gelak joaten dira basora; gela bakoitzak aste bat egiten du basoan, eta hurrengo biak, ikasgelan. Amara Berrin, ordea, 5 urteko gelakoak joaten dira, astean behin. “Baina adin nahasketa izango zuen eskola bat falta zitzaigun, eskola txiki bat”.

Hain gertu, hain urrun

Alkizako Udalean, aldi berean, antzeko kezka bat zuten: “Dagoen tokian egonda, duen ingurune paregabea edukita, naturatik hain gertu egonda, pena ematen zigun Alkizako umeek basoarekin harreman estuagoa ez izateak”, azaldu du Alaitz Bilbao Ingurumen teknikariak. Bilbaok aurretik zuen kontaktua Kutxa Ekogunearekin, eta hari helarazi zioten proposamena Alkizak Baso Eskola proiektuarekin bat egiteko. “Udala erabat ados zegoen, eta irakasleei egin genien proposamena. Nahiz eta lehendik ere nahiko maiz ateratzen zituzten ikasleak kanpora, irakasleei hasieran beldurra eman zien Baso Eskolaren gaiak”, dio Ingurumen teknikariak.

Baina berehala uxatu zuten beldurra Zuaznabarrek eta Hernandezek. Kutxa Ekoguneak eskainitako ikastaroetan parte hartu zuten: lehenik, Philip Bruchnerrekin —aditua da gai horretan—; eta, gero, mendian egindako bi eguneko ikastaro praktiko batean. Basoan egin zuten ikastaroa, naturarekin kontaktuan. “Eta berriro ere umeak bagina bezala sentitu ginen: zuhaitzetara igo, natura sentitu, basoak ematen duen lasaitasunean barneratu… Erabat konbentzitu ginen biak”, dio Zuaznabarrek. Beraz, gogotsu hasi ziren metodologia berria txertatzeko lanean.

Baso bila hasi zen Alkizako Udala, eta Lete Berri baserriko Gregorio Iruretagoienarekin jarri zen kontaktuan: “Pinudi dezentea daukagu, eta bertan ez dago zer puskaturik. Eskolari uztea erabaki nuen. Bide bat dago pinudiaren erdian, eta egokia da umeak gora eta behera ibiltzeko. Zergatik ez nien, bada, utzi behar?”. Baserriaren aurretik igarotzen diren bakoitzean, umeek “Gregoriooooooo!” hots egiten diotela kontatu du, bizipoza ematen diotela. Irakasleek diotenez, berriz, umeentzat “lagun bat gehiago” da Gregorio.

Lursaila zehaztuta, 2017-2018ko ikasturtean jarri zuten martxan Alkizako Baso Eskola proiektua, Langile eta Amara Berri ikastetxeekin batera. Tolosako Laskorain Ikastolan eta Samaniego ikastetxean ere hasi dira aurten.

Alkizan bezala beste eskoletan ere, HHko umeak ikasgelatik atera eta kalera joatea da Baso Eskolaren ezaugarri nagusia; baina ez da nahikoa kanpora ateratzea, naturan egotea da xedea. “Beste ezaugarria da naturan gaudela, umeei nahi dutena egiten uztea, autonomia osoarekin. Eta zer egiten dute adin horretako umeek? Jolastu eta jolastu. Naturan dauden elementuekin jolasten dira, bertan dauden zuloetan ezkutatu, errekan busti…”, azaldu du Orbegozok. “Azkenean, natura da haien ikasgela, eta naturak eskaintzen dituen baliabideak, elementuak eta eraldaketak baliatzen dira umeen jakin-mina pizteko, umeek esperimentatzeko, jolas berriak asmatzeko”, gehitu du Irati Andoñok, Kutxa Ekoguneko Baso Eskolako hezitzaileak.

Aldatuz doan ikasgela

Ikasgela dinamiko bat da natura, aldakorra; beti eskaintzen du gauza berriren bat. Hala azaldu du Orbegozok: “Toki berera joan arren, umeek espazio berri bat aurkitzen dute aldi oro. Izaki bizidun berriak, landare eta lore berriak, ezaugarri ezberdinak, gaur ura, bihar lokatza, elurra, eguzkia… Horrek izugarrizko interesa eta ikertzeko gogoa sortzen du umeengan. Eta etengabe jartzen dizkie erronka txikiak, gainditzeko modukoak normalean”.

Zuaznabarrek eta Hernandezek iazko ikasturte osoa eta aurtengoaren erdia daramate metodologia horrekin lanean, eta aukera izan dute umeek basoan nola jokatzen duten eta nolako bilakaera izaten duten ikusteko. “Basoa bera da denentzat, baina erronka bat planteatzen dio ume bakoitzari. Polita da begira jartzea eta ikustea putzu beraren aurrean nolako jarrera ezberdinak dituzten”, dio Hernandezek. Berehala sartzen dira batzuk; beste batzuk begira gelditzen dira laguntxoek zer egiten duten ikusteko, eta, agian, hiru bider pasatu behar dute putzuaren ondotik, salto egitera animatu arte; beste batzuk inoiz ez dira putzura sartuko; eta, zenbaitetan, putzua lehortu ere egin da ikasleak bertan sartzea erabaki duenerako…

Irakaslea behatzaile

Basoa ingurune paregabea da psikomotrizitatea lantzeko, baina baita matematikak edo geometria lantzeko ere, edo urtaroak ikasteko, harreman sozialak sakontzeko, gatazkak konpontzen ikasteko, eta abar. Hori guztia umeek beren kabuz egiten dutela nabarmendu dute Alkizako bi irakasleek, hori baita Baso Eskolaren ezaugarri nagusietako bat: irakasleak isilik egotea, behatzaile rolean jartzea, eta, ezinbestekoa ez bada, ez esku hartzea.

“Segurtasuna eskaintzen diegu guk, babesa; badakite hor gaudela laguntzeko, baina ez dugu esku hartzen. Basora iristen garenean, arriskua egon daitekeen tokiak zaintzen jartzen gara, ahoa ixten dugu, eta ez dugu irekitzen behar-beharrezkoa ez bada”. Hernandez hizketan ari den bitartean, buruarekin baietz egin du Zuaznabarrek, eta gehitu du: “Esan daiteke hori dela gehien kostatu zaiguna: ahoa ixten ikastea, isiltzea, eta ez parte hartzea. Baina ikasi dugu; eta behatzaile gisa, gidari lanak egin gabe, argazkiak ateraz, egoera ezberdinak behatuz eta gero baloratuz, ikusten duzu benetan zein den ume bakoitzaren garapena, zein diren ume bakoitzaren gaitasunak, abilezia sozialak, ahulguneak…”.

Umeek egin dutenarekin harridura agertu dute irakasle biek. “Guretzat ez zen berria basora irtetea; Alkizan egonda, Baso Eskola baino lehen ere joaten ginen mendira. Baina beti eramaten genuen zerbait han jolasteko; soka dela, baloia dela… Aurten harritu egin gara umeak nola moldatzen diren ikusita; nolako jolasak asmatzen dituzten, nola basoan topatzen duten edozerk balio dien jolasteko…”. Irakasleek argazki ugari atera dituzte urte eta erdian, eta adierazgarriak dira horietako asko: ume bat adartxoekin txabola bat egiten, beste bat belarria zuhaitzari itsatsita zerbait entzun nahian —fonendoskopio bat eraman zuten hurrengo irteeran—, pinaburuekin landutako forma ezberdinak, adartxoekin eginiko letrak, aizkolarietara jolasten, baratze bat irudikatzen… “Gauza asko lantzen dituzte basoan”.

Eguraldia, kezka

Baso Eskola aipatzean, eguraldi txarra izaten da jende askoren kezka, eta, batez ere, gurasoena. Alkizako irakasleek argi dute: “Umeek ez dute hotzik pasatzen; ondo jantzita egoten dira, eta mugimenduan. Hotz handiagoa pasatzen dugu guk”, adierazi du Zuaznabarrek. Alkizan, bestalde, elurra dagoenean edo eguraldia oso txarra denean, txikienak gelan utzi izan dituztela kontatu dute. “Izan ere, bi urteko gelako batzuek, oraindik, ez dauzkate bi urte. Oso txikiak dira”. Diotenez, umeek hartzen dute pena handiena, gelan gelditu behar dutela jakiten dutenean. Gurasoei dagokienez, berriz, Alkizan zein beste eskoletan, “proiektua martxan jartzeko ezinbesteko pieza” direla diote bai irakasleek, bai Kutxa Ekoguneko ordezkariek.

Orbegozoren esanetan, Europa iparraldean sortutako eredua da Baso Eskola, eta eguraldi txarra eta hotza ez ziren aitzakia izan pausoa emateko: “Danimarkan sortu zen, 1950eko hamarkadan”. Hainbat eskola bisitatu izan dituzte Kutxa Ekoguneko kideek: Eskozian, Alemanian, Danimarkan… Tartean badira “baso eskola puruak”, basora egunero joaten direnak eta ikasgela harrera leku gisa soilik erabiltzen dutenak; baina baita mistoak ere, basora astean behin edo bitan irteten direnak. “Hala ere, Baso Eskola metodologiaz harago, gelatik kanpora ateratzeko ohitura oso handia da han, eta ez bakarrik HHko umeekin; nagusiagoak ere irteten dira, adibidez, hirietako gune berdeetara. Nik ikusi ditut Kopenhagen parke batean antzerkia egiten, edo hiriko hilerrian matematika lantzen”.

Berriaren iturria: Gipuzkoako Hitza (http://gipuzkoa.hitza.eus/2019/02/08/aldatuz-doa-ikasgela/)