SORMENAREN KABIAN PARTE HARTU DUTEN ARTISTEK EUREN LANAK AURKEZTUKO DITUZTE JENDAURREAN
Zalantzarik gabe, 2020.na urte berezia izan da, guztiz ezohikoa. COVID-19ak eragindako osasun-krisiak mundua hankaz gora jarri du eta, behin behinean bada ere, beste modu batera bizitzen ikasi behar izan dugu. Hasierako ezjakintasun eta beldurrak mundua geratu zuen eta egoera horrek bereziki eragin dio kulturari. Alabaina, oztopoak oztopo, aurten ere bete dugu Sormenaren Kabia, ia amaitzear da hirugarren edizioa!
Aurten beka irabazi duten sortzaileak, Idoia Unzurrunzaga argazkilaria eta Maria Andres dantzari eta koreografoa Alkizan izan dira iraila eta abendua bitartean. Herriko txokorik ezkutuenak eta zenbait alkizarren bizipen berezienak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute bi sortzaileek. Unai Sorarrain alkizarra euren bidelaguna izan da prozesu osoan eta jasotako irudi eta bizipenekin ikus-entzunezko bikainak osatu ditu.
Abenduaren 18an Maria Andres eta Idoia Unzurrunzaga Alkizan izango dira. Sormenaren Kabian parte hartu duten bitartean egin duten lana zein izan den azalduko digute aurrez-aurre. Gainera, Sorarrainek egindako bideoek artisten lana hobeto ulertzen lagunduko digute.
Aurkezpena Fagus Alkiza interpretazio zentroan egingo dugu arratsaldeko 19:00tatik aurrera. Segurtasun eta higiene neurriak behar bezala bete ahal izateko, bideoak bi aldiz proiektatuko dira. Iluntzeko 20:00etan egingo da bigarren emanaldia.
Edukiera edo aforoa mugatua denez, abenduaren 16a baino lehen izena eman behar da kultura@alkiza.eus helbidera emaila idatzita edota 688 604 466 zenbakira whatsappa bidalita.
SORMENAREN KABIA eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlanari esker sortu da: Alkizako Udalak, Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak, Alkizako Ostatuak, Lete Landa-etxeak, Inazio Urruzola Txakolindegiak, Ekotalok eta Koldobika Jauregiren Ur Mara Museoak sustatutako proiektua da.
Proiektu hau aurrera ateratzeko lanean ari garenon izenean herritarrei eskerrak eman nahi dizkizuegu. Benetan estimatzen dugu Alkizara datozen artistekiko duzuen jarrera ona eta burututako ekintzetan parte hartu izana. Sormenaren Kabia zuena ere bada, zuek ere Sormenaren Kabia zarete. Bejondeizuela!
Abenduaren 18ko aurkezpen-ekitaldian elkar ikusiko dugulakoan, mila esker.
SORMENAREN KABIA 2020 EMAITZAK
Noiz: abenduak 18, ostirala.
Non: Fagus Alkiza interpretazio zentroan
Ordua: lehen emanaldia 19:00etan. Bigarrena 20:00etan
Oharra: edukiera mugatua denez izena eman behar da: kultura@alkiza.eus edo 688 604 466 zenbakira whatsappa bidalita.