Fagus-Alkiza Hernio-Gazumeko Interpretazio Zentro berritua inauguratu dute, Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Planaren barruan egindako hobekuntza lanen ondoren. Ekimen honen helburua da eskualdea turismo jasangarriaren erreferente bihurtzea, natura eta biodibertsitatea zainduz eta herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten proiektuak sustatuz.

Jatorriz udaletxean kokatuta zegoen zentroa, baina orain Alkizako Erretoretxera lekualdatu da, espazio zabalago eta egokiago batean. Edukiak eguneratu eta osatzeaz gain, bisita autonomoak egiteko erreserba eta sarbide sistema berria jarri da martxan. Irisgarritasuna ere hobetu da: hizkuntza anitzetako audio-gidak sortu dira, ikusmen urritasuna duten pertsonentzat bereziki erabilgarriak, eta kanpoko seinaleztapena indartu da.

Fagus-Alkiza Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremurako ate eta erakusleiho nagusia da, eta hiru ardatz nagusiren inguruan antolatuta dago: natura, gizakia eta kultura. Bertan, eremuaren biodibertsitatea, kontserbazio-lanak eta gizakiak paisaian izan duen eragina azaltzen dira, baita Alkizako biztanleek naturarekin historikoki izan duten harremana ere.

Gainera, hiru gune berri sortu dira: urmaelaren ekosistemari buruzkoa, gizakiaren jarduerek paisaian izan duten eraginari eskainitakoa eta “Sormenaren Kabia” izeneko espazioa, artea eta natura uztartzen dituzten egonaldien emaitzak erakusteko.

Proiektu osagarri gisa, biodibertsitatea indartzeko urmael berriak sortu dira eta mendi-ibilbideen seinaleztapena eta irisgarritasuna hobetu dira. Ekimen hauek guztiak Euskadiko Helmugen Turismo Jasangarritasuneko Lurralde Planaren barruan kokatzen dira, Europar Batasuneko Next Generation funtsen laguntzarekin.